Eguerdiko 12:30ean hasi da grabaketa, eta herritar ugari gerturatu dira herriko plazara, une berezi honetan parte hartzeko. Grabaketarako, lurrean hainbat borobil margotu dituzte, eta herritarrei horien gainean kokatzeko eskatu diete.
Iragarkia aurrera eramateko, Kepa Errasti izango dute bidelagun beste behin, eta AZ Visual Mediako kideak arduratu dira ikus-entzunezko lanaz. Urtero bezala, sorpresari eutsi nahi izan diote, baina Errastik aurreratu du aurtengo iragarkia "musikala" izango dela. Aurreko hiru urteetan, zinemako filmei erreferentzia eginez osatu zituzten Gabonetako iragarkiak; aurten, berriz, musikaren bidetik joko dute. Plazan jarritako bozgorailuetatik All I Want for Christmas abesti ezagunaren bertsio propioa entzun ahal izan da.
Drone bidez egin dute grabaketa, goitik hartutako irudiekin. Eguzkiak, ordea, lana zaildu die, eta gorabehera batzuk izan dituztela azaldu du Mikel Alberdik, AZ Visual Mediako kideak. Hala ere, hainbat saiakera egin ostean, nahi zuten irudia lortu dute, eta "pozik" agertu dira emaitzarekin.
Jakinarazi dute abenduko zubiaren bueltan ikusi ahal izango da azken emaitza.
Bertako merkataritzari babesteko deia
Gabonetako iragarkiaren grabaketa baliatuta, bertako merkataritzaren garrantzia ere nabarmendu nahi izan dute Aretxarteko kideek. "Globalizazioak eta online erosketen gorakadak, kanpoko saltokietan erosteko joera handitu duen garaian, tokiko merkataritzak herriari bizia" ematen diola gogoratu du, Eider Otxoak, Aretxarte elkarteko kidea. Horregatik, Gabonetan ere herrian bertan erosteko deia egin dute.