Gabonetako parkerako begiraleak behar dituzte

Oier Zumarraga Aranburu

Aurten abenduaren 22an eta 23an egingo da, eta begirale lanetan aritu nahi dutenek abenduaren 4ra arte aurkeztu ditzakete kurrikulumak. 

Aretxabaletako Udalak Gabonetako parkerako begiraleak kontratatzeko deialdia zabaldu du. Aurten, ohikoa baino lehenago egingo dute parkea, abenduaren 22an eta 23an, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Baldintzak eta hautaketa

Begirale izateko, 18 urte beteta izan behar dira eta euskaraz ondo hitz egiten jakin. Aretxabaletako gazteek izango dute lehentasuna hautaketa prozesuan.  Hautagaiak puntuazio-sistema baten bidez baloratuko dituzte. Begirale titulua izateagatik bost puntu emango dituzte, eta titulua ikasten aritzeagatik, hiru. Magisteritza ikasita izateak edo ikasten aritzeak puntu bat emango du. Esperientzia ere kontuan hartuko dute: Aretxabaletako Udaleku Irekietan begirale gisa aritutako urte bakoitzeko puntu bat emango dute, eta Gabonetako parkean aritutako urte bakoitzeko, bi. Euskara C1 titulua izateak beste puntu bat emango du.

Kurrikulumak, abenduaren 4ra arte

Interesa dutenek abenduaren 4ra arte aurkez ditzakete kurrikulumak, gazteria@aretxabaleta.eus helbide elektronikora bidalita edo Aretxabaletako Udaleko Gazteria Zerbitzuan entregatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak