Manex Larrañaga aretxabaletarra, Smartlog Nest taldera

Mireia Bikuña Madrid

Junior mailako txirrindulari aretxabaletarra Jon Odriozolaren taldeko ziklista izango da hurrengo denboraldian. Larrañagak ezagutzen du Smartlog Nest taldearen dinamika: Elgoibarko eta Oñatiko probatan taldeko kide izan zen.

Smartlog Neste Cycling Team taldeak 2027 denboraldirako lehen lau fitxaketen berri eman du: Eritz
Atxega (Lazkao, 2008), Manex Larrañaga (Aretxabaleta, 2008), Urko Nazabal (Irura, 2008) eta
Eneko Ugartemendia (Amasa, 2008). "Laurek denboraldi bikaina egin dute junior mailan, eta kirol ibilbideko etapa berri bati ekingo diote taldearekin", esan dute taldeko arduradunek.

Manex Larrañaga bitan igo da podiumeko gorenera Besa-Geminis taldearekin, Anoetan eta
Zestoan garaipen bana lortuta. Erregulartasuna eta ibilbide mota desberdinetara egokitzeko
gaitasuna ditu ezaugarri nagusi. Txirrindulari moldakorra da, eta ezaugarri horiek indargune
izango ditu 23 urtez azpiko mailako etapa berrian. Gainera, txirrindulari aretxabaletarrak ezagutzen du taldearen dinamika: Elgoibarren eta Oñatin lehiatu zen Smartlog Nest taldearekin.

Kirola eta ikasketak

Iñaki Mugarza Smartlog Nesten kirol-arduradunak oso modu positiboan baloratu ditu fitxaketa
berriak: "Oso pozik gaude Eritz, Manex, Urko eta Enekok gure proiektuaren aldeko apustua egin
dutelako. Laurek kalitatea erakutsi dute denboraldi honetan eta 23 urtez azpiko mailara
igarotzeko gaitasuna dutela. Manex eta Eneko, gainera, gertutik ezagutzeko aukera izan dugu,
gurekin hainbat probatan lehiatu ondoren. Uste dugu hemen hazten jarrai dezaketela, eta bide
horretan lagundu nahi diegu, bai kirol arloan, bai ikasketetan. Guretzat garrantzitsua da bi arloak
uztartzeko aukera izatea eta txirrindularitzatik harago ere etorkizuna prestatzea".

Bizikleta gaineko gaitasunetatik harago, lau txirrindulari horiek Smartlog Nesten "filosofia
islatzen" dutela diote arduradunek. Atxega eta Larrañaga Ingeniaritza Mekanikoa ikasten ari dira; Nazabal, Kirol Kudeaketa; eta Ugartemendia, Ingeniaritza Zibila. "Kirol-garapena ikasketekin bateratzeko eta etorkizun profesionala prestatzeko aukera eskaintzen jarraitu nahi dugu. Kirol arloan ez ezik, bizitzako beste esparru batzuetan ere talentu gaztea garatzeko apustua egiten jarraitzen dugu", azpimarratu dute.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak