Jaurlaritzak 100.000 euro emango ditu POBA proiektua ebaluatzeko

Oier Zumarraga Aranburu

POBA-ren aurkezpena.

Adinberri Fundazioarekin lankidetza-hitzarmena onartu du, proiektuaren eragin soziala eta ekonomikoa aztertzeko.

Eusko Jaurlaritzak 100.000 euro bideratuko ditu Aretxabaletako POBA (Pertsonen Ongizatea Begirada Anitzetik Aretxabaletan) proiektuaren eragina ebaluatzeko eta egitasmoa indartzeko. Gobernu Kontseiluak Adinberri Fundazioarekin lankidetza-hitzarmena egitea onartu zuen martitzenean, azaroaren 10ean. Diru horretatik, 25.700 euro aurten jarriko ditu, eta gainerako 74.300 euroak, 2027an.

Proiektu pilotuak arreta soziosanitarioko eredu berritzaile bat garatzea du helburu, gizarte-, osasun- eta komunitate-zerbitzuak koordinatuta, eta mendekotasun-egoerak atzeratu nahi ditu.

Eragina neurtzeko

Laguntzaren bidez, egitasmoaren eragin ekonomikoa eta soziala aztertuko dituzte, adierazle-sistema bat garatuta eta ebaluazio-txostena eginda. Horrez gain, herritarren parte-hartzea sustatzeko, datuak biltzeko eta arreta-planak ezartzeko jarduerak indartu egingo dituzte.

Adinberri Fundazioa, Aretxabaletako Udala, Osakidetza eta Jaurlaritzako Osasun Saila daude egitasmoaren atzean. Erorikoak, botika gehiegi hartzea, narriadura kognitiboa, bakardadea eta halakoak garaiz identifikatzea du xede, pertsonen autonomiari ahalik eta denbora gehienean eusteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak