Musikarien zaindari Santa Zeziliaren omenezko ekitaldi berezia egingo dute azaroaren 17an, martitzena. Leizarra musika eta dantza eskolako kideak izango dira protagonista nagusiak, eta emanaldi berezia egingo dute Aretxabaletako Herriko Plazan, 17:30ean hasita.
Ordu eta erdiko ekitaldian, eskolako musikariek eta dantzariek hartuko dute parte. Bandaren emanaldiaz gain, hizkuntza musikal eta tailerretako haurrek abestu egingo dute, eta dantzaldia ere egingo dute, trikitilariek lagunduta. Amaieran, txokolatea eta bizkotxoa banatuko dituzte bertaratutakoen artean, ekitaldia bukatu ondoren.