Hasteko, zelan aurkeztuko hauke heure burue? Zein don Ane Dacosta?
Holako galderei erantzutie asko kostetan jatek. Neska gazte atxabaltar bat nok. Alaixe eta lasaixe nazela esango naukek; egoera desberdiñen aurrien lasai jokaketie gustetan jatek. Gertukue eta sentibera be banok, gauza txikixekin konformetan dana.
Zeintzuk dittun hire zaletasunek?
Asko gustetan jatek txakurrek hartu eta pasietan juetie. Arientza inguruen jaukat basarrixe, eta hango inguruetan ibilttie asko gustetan jatek; oso leku politte eta berezixe dok neretako. Bestalde, pertsona analogikue nazela esango naukek. Eskulanak egittie gustetan jatek, neretako edo ingurukuendako: eskumuturrekuek, belarrittakuek... Asko lasaiketan naixok. Sudokuek be asko erakarten naixuek.
Loramendi euskera elkartien egitten don lan. Beti euki don loturie euskeriekin eta herrigintzakin?
Oin dala urtebete inguru sartu nitzuan Loramendi euskera elkarteko zuzendaritza batzordien. Euskal kulturaren inguruko gaixek lanketan jittuagu, herri maillako kezkei erantzuteko. Egixe esatiarren, ez naukek neure burue aktibistatzat edo herri mugimenduetan oso sartute dauen pertsonatzat hartuko. Neure hazixe jarten ahaleginketan nok, eta Loramendi horretarako leku aproposa dok neretako. Euskeriekiko eta Euskal Herriko errealidadiekiko sensibilidadie jaukat. Euskeraz bizi nok, eta euskeraz bizi gure juat.
Euskeraz bizi gure donala esan don. Euskeriaren erabillerie bultzeketie erronka haundixe don ondiokan. Ze gabitzan ondo egitten, eta ze ez?
Nere ustez, errealidadie penagarrixe dok: gaur egun, gaztien artien gehixen entzuten dan hizkuntzie gaztelania dok. Horretan eragin haundixe jaukek egunerokuen konsumiduten dogun edukixek. Azken batien, digitalizaziñue guztiz sartute jak gure gizartien. Hala be, azken urtietan euskerazko sortzaillien gorakada izugarrixe egon dok, eta oso positibue dok; euskal komunidadiari keiñu politte egitten jutsiek. Horretaz gain, nerabezaruen beste faktore askok be eragitten juek, eta horretaz gehixago hausnartu biherko gaukek.
Hezitzaille lanetan be ibilli haz; ludotekan, adibidez. Ze emuten dun umiekin lan egittiek?
Gauza asko emuten justek, eta asko beteten naixok. Umiek zerbait berezixe jaukek; beste ikuspuntu batetik begiraketako gaittasune jaukek. Hareingandik ikesi juat gauza txikiñekin disfrutetan: momentue bizi izetie eta ez konpliketie. Pazientzia be lanketan dok hareikin; kar-kar.
Atxabaltan bizi haz, eta bertan egitten don lan; ze jauken herri batek hiri batek ez daukonik?
Nere ustez, herri baten bizi izetiek emuten dauen gauzarik berezixenetako bat gertutasune dok. Azken batien, herri baten danok ezaguketan juagu alkar eta komunidade baten parte sentiduten gaittuk. Hiri batek beste aukera eta eskaintza batzuk jauzkek, baiñe herriko gertutasune oso inportantie dok.
24 urtekin askok ez jauken oso argi etorkizune. Heuk bai?
Nere ustez, 24 urtekin ez jaukagu zertan dana argi euki. Ez dok naturala bizitzan dana oso argi eukittie; bidien momentu eta aukera asko sortzen dittuk. Inportantie dok gauza barrixek probetie eta esperientzietatik ikestie.