Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekintza antolatu dituzte Aretxabaletan, indarkeriaren askotariko alderdiak lantzeko eta sakonago aztertzeko. Egitaraua azaroaren 10ean hasiko dute, Querer telesailaren lehen bi kapituluen emanaldiarekin. Hilaren 17an emango dituzte azken biak. Bi saioak 18:00etan izango dira, Tril Atxabaltako Txoko Feministan, eta Ane Iturbe Mujika eta Kistiñe Lujanbio Galdeano abokatuek gidatuko dituzte bertan ondorengo solasaldiak. Emakumeei eta queer pertsonei zuzendutako jarduera izango da.
Hitzaldiak eta irakurketak
Azaroaren 12an, Mer Gomez idazle eta intersex aktibistak intersexualitateei buruzko hitzaldia egingo du Trilen. Hilaren 16an, berriz, irakurketa feministen topagunearen bigarren saioa egingo dute, Clara Serraren El sentido de consentir liburuaren inguruan. Dorleta Kortazarrek dinamizatuko du irakurketa saioa. Bi hitzorduak 18:00etan izango dira, Trilen.
Irantzu Varela komikoak Manologo bakarrizketa egingo du azaroaren 19an, 19:00etan, Zaraia aretoan. Umorea eta hausnarketa uztartzen dituen gaztelaniazko emanaldia izango da, doan. Bestalde, azaroaren 26an, Irene Zugasti kazetari eta politologoak Palestinako genozidioa aztertuko du, begirada feministatik, 18:00etan, Trilen.
Elkarretaratzea hilaren 25ean
Atxabaltako Mugimendu Feministak elkarretaratzea egingo du azaroaren 25ean, 18:30ean, Herriko Plazan. Ondoren, herriko hainbat neska gaztek eta emakumek Portugaleteko Sastraka gaztetxeak sortutako Aurre egingo dizueten emakumeak abestia interpretatuko dute, elkarretaratzea amaitu ostean.
Azkenik, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Irantzu Varelaren Darle fuego a Bilbao liburua aurkeztuko dute. Egileak La Furia rap abeslari eta konpositorearekin solasaldia egingo du, 18:00etan, Tril Atxabaltako Txoko Feministan. Hitzordu horrekin amaituko dute aurtengo egitaraua anitza.
