Aretxabaletako Andre Mariaren Jasokundearen parrokiak organo eta soprano kontzertua hartuko du domekan, azaroak 8, 19:00etan. Mariatxen Urkia soprano aretxabaletarra eta Jose Luis Frantzesena organo jotzaile azpeitiarra izango dira protagonistak, eta musika klasikoaren hainbat garaitako obrak joko dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak organoen erabilera eta kontserbazioa sustatzeko laguntzen barruan antolatutako emanaldia izango da. Kontzertuak, gainera, berezitasun bat izango du: elizako koruan gertatzen dena pantaila baten bidez ikusi ahal izango dute bertaratutakoek.
Urkiak azaldu duenez, organoa koroan dagoenez, ohiko emanaldietan entzuleek instrumentua entzun egiten dute, baina ez dute organo jotzailea ikusten. Oraingoan, ordea, pantailari esker, Frantzesenak eskuak eta oinak nola erabiltzen dituen ikusteko aukera izango dute. "Organoa nola jotzen den ikustea oso bitxia da, eta jendeari arreta deitzendio", azaldu du sopranoak. Haren esanetan, ikusgarritasun horrek erakargarriago egiten du emanaldia, musikaz gozatzearekin batera instrumentuaren funtzionamendua gertutik ezagutzeko aukera ematen duelako.
Errepertorio zabala
Errepertorioan zazpi obra bildu dituzte, nazioarteko konpositore ezagunak eta euskal musikagileak uztartuta. Franz Schubert-en Du bist die Ruh piezarekin hasiko dira eta Georg Friedrich Handel-en Cinquième concerto zein Cesar Franck-en hirugarren korala ere joko dituzte. Pablo Sarasateren Caprice basque obra izango da egitarauko beste pieza bat. Euskal musikak, gainera, leku nabarmena izango du, Lezon jaiotako Tomas Garbizuren hiru lan joko baitituzte: Ave Maria, Usoa eta Ixil-ixilik. Urkiaren esanetan, obra klasikoak aukeratu dituzte, batzuk ezagunagoak eta beste batzuk gutxiago entzunak, baina guztiak entzuleengandik gertu daudenak.
Bi musikariek ibilbide luzea egin dute elkarrekin. Duela 30 urte baino gehiago hasi ziren lankidetzan, Donostiako Kontserbatorioan ikasten ari zirela. Aurtengo Donostiako Musika Hamabostaldian ere aritu ziren elkarrekin, eta Frantzesena berari omenaldia egin zioten. Hain zuzen, abuzturako prestatutako zerrenda bera ekarriko dute Aretxabaletara. Urkiarentzat berezia izango da herrian kantatzea: "Ezagunen aurrean aritzeak gertutasuna ematen dio emanaldiari, baina baita presio puntu bat ere".
Zaindu beharreko organoa
Kontzertuaren beste protagonista nagusietako bat parrokiako organoa bera izango da. Fernand Prince organogileak eraiki zuen, eta haren izenarekin sinatutako bakarra dela nabarmendu du Urkiak. Aristide Cavaille-Coll organogile ospetsuaren ikaslea izan zen Prince, eta haren eragina nabaria da Aretxabaletako instrumentuan. Inguruko beste organo batzuekin alderatuta txikiagoa bada ere, haren soinuagatik eta ezaugarri musikalengatik berezitzat jotzen dute organo jotzaileek.
Horrelako instrumentuak zaintzearen garrantzia azpimarratu du Urkiak. Izan ere, Gipuzkoako hainbat elizatan organoak gero eta gutxiago erabiltzen dituzte, organo jotzailerik ez dagoelako. Aretxabaletan, aldiz, mezetan eta ezkontzetan ere erabiltzen dute, eta herriko musika ondarearen parte garrantzitsua izaten jarraitzen du gaur egun. Hala ere, Urkiaren iritziz, ezinbestekoa da kontzertuak antolatzen jarraitzea, instrumentuaren balioa ezagutarazteko eta haren erabilera sustatzeko. Horregatik, urtero parrokian kontzerturen bat edo bi ematen saiatzen dira, herritarrek organoaren doinu bereziez gozatzeko aukera izan dezaten.