Aretxabaletako Basotxo erretiratuen elkarteko pintura tailerreko kideek urtean zehar egindako 34 margolan jarri dituzte ikusgai Arkupe kultur etxean. Hamahiru lagunek hartu dute parte erakusketan, Idoia Elexpuru irakaslearen laguntzarekin. Erakusketan paisaiak, erretratuak eta lan abstraktuak ikus daitezke. Horretarako, olioa, akrilikoa eta akuarela teknikak erabili dituzte.
Arkupen elkartzen dira tailerreko kideak, astean bitan, bi orduz: pinturan urteetako esperientzia dutenak eta hasiberriak direnak ere bai. Gustuko irudi edo ideia batetik abiatuta, urte osoan zehar margolanak fintzen aritu dira azken emaitza lortu arte. Olio-pintura eta akrilikoa erabiliz, askotariko estilo eta teknika esperimentatu dituzte.
Margotzetik harago
Elexpururen esanetan, erakusketak agerian uzten ditu taldearen aniztasuna eta ikasleek egindako aurrerapenak. Pinturak sormena eta psikomotrizitatea lantzeko aukera ematen diela nabarmendu du, baina baita harremanak sendotzekoa ere. Horrekin bat egin dute Arantxa Irizarrek, Puri Felixek eta Luis Corresek.
Urtean zehar egindako lanak herritarren aurrean erakustea ere garrantzitsua da parte-hartzaileentzat. Elexpuruk erakusketaren kalitatea eta margolariek egindako lan handia nabarmendu ditu, eta herritarrak bisitatzera animatu ditu. Abenduaren 15era arte egongo da zabalik, astelehenetik egubakoitzera, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; zapatuetan, 11:00etatik 13:00etara.
"Margotzea beti gustatu izan zait, eta margolanak hemen ikustea ederra da"

"Pazientziarekin, gogoarekin eta orduak sartuta obra politak irten dira "

"Pinturak lasaitu egiten nau; arazoetatik ihes egiten laguntzen dit"
