2026ko Augustin Zubikarai sariak badu irabazlea. Juan Mari Agirreurreta da, Aretxabaletan bizi den pasaitarra. Izan ere, hark idatzitako Leiho bat gehiago nobela aukeratu du epaimahaiak. Hala, zortzi mila euroko saria irabazi du eta nobela Elkar argitaletxearen eskutik argitaratuko dute hemendik urtebetera. Saria azaroaren 5ean emango diote, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan, eta ekitaldi berean aurkeztuko dute iazko proposamen irabazlearen emaitza, Ekaitz Herreraren Neguberria eleberria.
Gaitz degeneratibo bat ardatz
Leiho bat gehiago nobelak Joseba du protagonista. "Gazte dela, gaixotasun degeneratibo bat diagnostikatu diote, baina, etsipenean jausi ordez, bere bizitzako azken fasea modu sakon, kontziente eta duinean bizitzea erabakitzen du. Haren kezka ez da bakarrik bidea nola amaitu, baizik nola utzi oroitzapen eta aztarna bere bi seme txikiengan", azaldu du argitaletxeak.
Gaiak "kutsu dramatikoa" izan arren, epaimahaiak, besteak beste, lanaren "umorea eta goxotasuna" azpimarratu ditu, "baita idazkera dotorea, hausnarketarako aldartea, kultur erreferentzien ugaritasun eta egokitasuna, narratzaile desberdinen arteko ahots kontrastea eta argumentuan proposatutako egitura jolastia ere".
Lanbidez, irakaslea
Juan Mari Aguirreurreta Pasai Donibanen jaio zen 1977an eta Aretxabaletan bizi da gaur egun. Euskal Filologian lizentziatua eta Filosofian doktorea da Jean-Paul Sartreri buruzko tesi batekin. Irakaslea da lanbidez, eta hainbat idazle euskaratu ditu: Sartre bera, Victor Hugo, Tomas Tranströmer. Proiektua amaitzean, aipaturikoa izango du sorkuntzazko lehenengo liburua.