Kultur ekitaldietarako sarrerak komisiorik gabe eros daitezke 'Aretxabaletaklik' bidez

Oier Zumarraga Aranburu

Aretxabaletako kultur ekitaldietarako sarrerak aplikaziotik, webgunetik edo Arkupe kultur etxeko leihatilan eros daitezke.

Aretxabaletako Udalak kultur ekitaldietarako sarrerak komisiorik gabe erosteko aukera jarri du martxan, Aretxabaletaklik aplikazioaren eta webgunearen bidez. Hala, herritarrek hiru bide dituzte sarrerak eskuratzeko: www.aretxabaletaklik.eus webgunea, mugikorretarako aplikazioa eta Arkupe kultur etxeko harrerako leihatila. 

Sarrerak erosteko urratsak

Webgunetik erosteko, ekitaldien atalera jo, egutegian eguna aukeratu eta nahi den emanaldia hautatu behar da. Ondoren, 'Sarrerak erosi' aukeran sakatu, eserlekuak aukeratu, eskatutako datuak bete eta ordainketa egin behar da. Sarrerak posta elektronikoz jasoko ditu erosleak.

Mugikorretarako aplikazioan, berriz, erabiltzaile-kontua sortu behar da lehenik. Egutegian ekitaldia aukeratu eta 'Saioak ikusi' atalean sartu ondoren, nahi den eguna eta ordua hautatu behar dira. Jarraian, eserlekuak aukeratu, izen-abizenak, telefono zenbakia eta posta elektronikoko helbidea bete, eta erosketa-baldintzak onartu behar dira. Prozesua amaitzeko denbora mugatua dagoela ohartarazi du Udalak.

Ordainketa txartelarekin edo Bizum bidez egin daiteke. Erosketa amaitutakoan, sarrerak posta elektronikora iritsiko dira, eta ekitaldira sartzeko QR kodea erakutsi beharko da, mugikorrean edo paperean.

Iaz jarri zuten martxan

Udalak iaz jarri zuen martxan Aretxabaletaklik aplikazioa, herritarrei hainbat udal zerbitzu eskuragarri jartzeko. Besteak beste, herrian antzemandako intzidentzien berri emateko, aretoak eta gelak erreserbatzeko, albisteak irakurtzeko eta herriko agenda kontsultatzeko aukera eskaintzen du.

Orain, kultur ekitaldietarako sarrerak erosteko zerbitzua gehitu diote. Horrez gain, herriko hainbat eragilek euren profila dute aplikazioan, antolatzen dituzten jardueren berri emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak