Osasun etxe zaharra jarduera fisikorako eta jubilatuen gune bihurtuko dute

Oier Zumarraga Aranburu

Anbulatorio zaharreko obrak. 

POBA proiektuaren barruan, eraikina egokitzeko moldaketa lanak hasi dituzte. Jarduera fisikoa sustatzeko orientazio zerbitzua eta Basotxo elkarteko kideentzako gune berriak izango ditu.

Aretxabaletako osasun etxe zaharrak beste erabilera bat izango du. Eraikina egokitzeko moldaketa-lanak hasi dituzte, eta bi zerbitzu emango ditu aurrerantzean: jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua eta herriko jubilatuentzako elkargunea. Egitasmoa Pertsonen Ongizatea Begirada Anitzetik (POBA) proiektuaren barruan kokatzen da: adinekoen ongizatea eta autonomia sustatzeko prebentzio lanean oinarritutako ekimena. 

Proiektuaren bidez, Atxabaltamugi programaren ordutegia eta jarduerak ere zabalduko dituzte, herritar gehiagorengana iristeko eta jarduera fisikoa egiteko aukera gehiago izateko. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberri fundazioaren bidez, hainbat baliabide teknologiko berri jarriko ditu haien eskura. Prebentzioan oinarritutako lanketa izango da, bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko eta herriko adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko.

Jarduera fisikoa sustatzeko

Eraikinaren alde batean, bizi-ohitura aktiborik ez duten herritarrei zuzendutako orientazio zerbitzu berria egokituko dute. Ariketa fisikoa egiten hasi nahi duen edonor bertara joan ahal izango da, profesional baten aholkuak eta laguntza jasotzeko. Horretarako, David Health Solution metodologia berritzailea erabiliko dute. Lehenik, erabiltzaile bakoitzaren gaitasun funtzionalaren diagnostikoa egingo dute, haren egoera fisikoa ezagutzeko. Ondoren, azterketa horren emaitzetatik abiatuta, norbanakoaren beharretara egokitutako ariketak proposatuko dituzte. Mugimendu gidatuen eta karga kontrolatuen bidez, indarra, mugikortasuna eta giltzaduren koordinazioa hobetzea izango dute helburu.

Zerbitzuaren helburua da herritarrek jarduera fisikoa egiteko autonomia eskuratzea, jasotako aholkuak eta ikasitako ohiturak egunerokoan aplikatu ahal izateko. Izan ere, erabiltzaileek bizi-ohitura aktiboak beren kabuz hartu eta denboran mantentzea nahi dute, jarduera fisikoa osasuna zaintzeko ohiko tresna bihurtuta.

Jubilatuentzako elkargunea

Eraikinaren beste aldean, berriz, herriko jubilatuentzako gunea egokituko dute. Basotxo elkarteko kideek eguneroko jarduerak eta ekintzak egiteko aukera izango dute bertan. Horrekin batera, adinekoek elkartzeko, elkarrekin egoteko eta aisialdia partekatzeko toki propioa izatea nahi dute. 

Bi erabilera horiek uztartuta, osasun etxe zaharra herritarren ongizateari lotutako gune berri bihurtuko dute. Alde batetik, jarduera fisikoa sustatzeko laguntza profesionala emango dute; bestetik, adinekoen arteko harreman sozialak sustatzeko espazio propioa. Oraingoz ez dute jakinarazi zerbitzu berriak noiz jarriko dituzten martxan. Moldaketa-lanak amaitu eta instalazioak erabiltzeko prest daudenean emango dituzte xehetasun gehiago.

Azaroan hasiko dituzte saioak

POBA proiektuaren barruan, osasunari eta ongizateari buruzko hitzaldia egingo dute azaroaren 3an, 18:00etan, Karmele Igartua aretoan, 70 urtetik gorakoei zuzenduta. Hezurren osasuna eta sistema immunologikoa indartzeko ohiturak landuko dituzte. Azaroaren 16an, 23an eta 30ean tailerrak egingo dituzte toki berean, 10:00etatik 11:30era. Izen-ematea Gizarte Zerbitzuetan egin beharko da, azaroaren 4tik 12ra. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak