UDAren hutsegiteek garaipena eman diote Eibar C-ri

Goiatz Arana Begiristain

0-2 emaitzarekin amaitu da UDAren eta Eibar C-ren arteko partidua. Aurkariek gol bana egin dute zati bakoitzean, etxekoek kale egin izanaren ondorioz kasu bietan. Denboraldi hasiera onari jarraipena ematea zuen helburu UDAk, baina, oraingoan, ez da posible izan. 

Ondo hasi du norgehiagoka talde aretxabaletarrak. Lehen zatiko lehen minutuak oso onak egin ditu, aukera asko eta garbiak sortuz bi hegaletatik. Arriskurik gabeko jokaldi batean, ordea, UDA atzetik baloia ateratzen saiatu da, baina, atezainaren hutsegite bat tarteko, baloia aurrelariak jaso eta gola egin du, markagailua 0-1ean jarriz. Min egin dio golak UDAri. Hortik aurrerako minutuak lehiatuak izan dira, baina ez da gol gehiagorik izan.

Eta gauza bera gertatu da bigarren zatian ere: bosgarren minutuan, ezker hegaleko atzelariak baloia atezainari pasa nahi zion, baina atzean zuen eta ikusi ez duen Eibar C-ko aurrelariak hartu du baloia, eta gola sartu. Horren ostean, UDAn hainbat aldaketa egin dituzte eta lortu dute baloia gehiagotan izatea eta gainontzeko minutuak Eibarren zelaian jokatzea batez ere, baina aukera garbirik ere ez dute sortu, eta 0-2koarekin amaitu da neurketa. 

Garaipenik ez Ohorezko Erregional Mailan

Gizonezkoetan, Bergarak 1-0 galdu du, Amaikak Bat taldearen aurka, eta Mondrak ere galdu egin du, etxean, Hondarribiaren kontra (0-1). Aloñak, berriz, puntu bat eskuratu du, Beasainen aurka bana berdinduta. Emakumezkoetan, Debagoiena Bailarak 5-4 emaitzarekin amaitu du Urolaren kontra, Zumarragako Argixao futbol zelaian.

Emakumezkoen Euskal Ligan ere zorterik ez

Bergarak ez du asteburu honetan jokatu den seigarren jardunaldian punturik batu, Indartsuren kontra 2-0 galdu eta gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak