Hasiera onak egitera ohitu da UDA, eta jarraipena eman nahi dio horri

Julen Murua Mesonero

Eñaut Zumarraga baloiaren bila, Pasaiaren aurkako partidan.

Denboraldiko bosgarren garaipenaren bila irtengo dira Ibarrara, Eibar C-ren aurkako partidan, domekan, 16:30ean.

Hiru garaipen erdietsi ditu UDAk jokatu dituen azkenengo hiru jardunaldietan. Horrek eraman du Jose Javier Barkerok zuzentzen duen taldea sailkapeneko bigarren postura, eta bolada on horri jarraipena ematea izango da aretxabaletarren helburu nagusia domekan, 16:30ean, Eibar C taldearen aurka jokatuko duten partidara begira. Hirugarren Mailan denboraldi hasiera oso onak egitera ohituta daude UDAkoak; izan ere, duela bi urte, jokatutako lehenengo zortzi partidetatik bost irabazi eta bakarra galdu zuen orduko hartan Unai Calzonek zuzentzen zuen taldeak, eta iazko denboraldi hasiera ere berbera izan zen batutako puntu kopuruari dagokionez –bost garaipenak jarraian erdietsi zituzten, gainera–. Domekan irabaziz gero, azkenengo bi urtetako denboraldi hasierak berdintzea lortuko lukete aretxabaletarrek, eta, era berean, goiko postuen lehian jarraituko lukete.

Bolada luzatzeko gakoa, Ibarra

Denboraldiek beti izaten dituzte gorabeherak, eta UDAk ere bizi izan ditu horiek azken urteetan. Hortaz, azken urteetako denboraldi hasiera ona egitea ez ezik, hasiera on horri jarraipena eman nahiko diote dute Barkerorenek. Hori lortzeko ezinbestekoa da Ibarran bi astean behin puntuak batzea, eta, azken bi urteetan ez bezala, aretxabaletarrek etxetik kanpo pilatu dituzte etxean baino puntu gehiago –Ibarran jokatutako hiru partidetatik bakarra irabazi dute–. Hortaz, Ibarra gotorleku bilakatzea ezinbestekoa izango da urteko helburuak lortzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak