Aretxabaletako haurrek eta gazteek herriko kaleak hartuko dituzte gaur, egubakoitza, euskararen bueltan antolatutako jardunaldian. Beinke-Hezkuntzak bultzatutako ekimenak herriko ikastetxeetako ikasleak elkartuko ditu, euskararen erabilera sustatzeko eta herriko kultur ondarea ezagutarazteko.
Arratsaldeko bostetan hasiko da Euskara, prest, aurrera! ginkana, Aretxabaletako Herriko Plazan. Parte-hartzaileek hainbat erronka gainditu eta herriko txoko batzuetan barrena ibili beharko dute, Aretxabaletako historia, kultura eta euskara hobeto ezagutzeko.
Ikastetxe guztiak
Arizmendi Ikastolako Basabeazpi eta Almen guneetako ikasleek eta Kurtzebarrikoek hartuko dute parte. Ginkana HH2 eta DBH2 arteko ikasleei zuzenduta dago, eta izena emandakoen arabera antolatu dituzte taldeak, hiru adin tartetan: HH2-HH5, LH1-LH4 eta LH5-DBH2. Orotara 330 haur eta nerabek hartuko dute parte.
Jardunaldiaren bidez, ikastetxeetako ohiko espazioetatik atera eta euskara herriko kaleetara eraman nahi dute antolatzaileek. Jolasaren bidez, hizkuntzaren erabilera indartzeaz gain, herriko kultur ondarea hobeto ezagutarazi eta ikastetxeetako ikasleen arteko harremanak sustatu nahi dituzte.
