Basotxo erretiratuen elkarteak Aste Kulturala antolatu du urriaren 26tik 30era. Bost egunerako egitaraua prestatu dute, eta jolasak, hitzaldiak, irteerak, tailerrak eta bestelako jarduerak izango dira. Udalaren laguntzarekin antolatutako ekimenak elkarteko kideei elkartzeko eta askotariko ekintzetan parte hartzeko aukera eskainiko die.
Astelehenean, hilak 26, emango diote hasiera egitarauari: Uretz parkean doke, toka, igel eta makila jokoak egingo dituzte, 17:00etan. Martitzenean, 09:30ean, ibilaldi osasungarria egingo dute, eta arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara, Olaia Aranak zaintza medikoei buruzko hitzaldia egingo du Karmele Igartua aretoan.
Irteerak eta ospakizuna
Eguaztenean, hilak 28, Lodosara eta Calahorrara joango dira. Eguenean, Mutiko Kristalen horma-irudiak ezagutzeko bisita gidatua egingo dute, 09:45ean. Arratsaldean, Manex Beristainek barre-terapia tailerra emango du.
Egubakoitzean, hilak 30e, Basotxoren jaiarekin amaituko dute Aste Kulturala. Karmele Igartua aretoan izango da, 17:00etan, eta elkarteko taldeek emanaldiak egingo dituzte: euskal dantzak eta kantuak.
