Debagoienaren eta Mbam-en arteko elkarlana indartu du Yaakar elkarteak

Oier Zumarraga Aranburu

Ngor Dione –Mbamgo alkatea– eta Amalia Ormaetxea –Yaakarreko presidentea–. YAAKAR

Senegalgo Mbam herrian informatika-gela inauguratu, eta hozkailu-ganbera eraikitzeko lanei ekin diete, Debagoieneko udalen laguntzarekin. Amalia Ormaetxea Yaakar elkarteko presidentea urriaren 13tik 18ra izan da bertan, proiektuen jarraipena egiteko.

Yaakar Aretxabaletako elkarteak Debagoiena informatika-gela inauguratu du Senegalgo Mbam herrian, eta bertako merkatuan hozkailu-ganbera bat eraikitzeko lanak abiatu ditu. Amalia Ormaetxea elkarteko presidentea urriaren 13tik 18ra izan zen Mbamen, bi proiektu horien jarraipena egiteko eta tokiko eragileekin biltzeko. Debagoieneko udalen laguntzarekin bultzatu dituzte egitasmoak, "hezkuntzarako baliabideak hobetzeko" eta "bertako jarduera ekonomikoa are gehiago sustatzeko" xedearekin.

Hezkuntzarako baliabideak

Debagoieneko udalen laguntzarekin bultzatu ditu egitasmoak, "hezkuntzarako baliabideak hobetzeko" eta "bertako jarduera ekonomikoa are gehiago sustatzeko". Debagoiena informatika-gela inauguratu zuten Mbamgo eskola publikoan, Bergarako, Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalen laguntzarekin. Yaakarrek bultzatutako proiektuan Elkartenet elkarteak hogei ordenagailu, hainbat proiektagailu eta wifi sarea instalatu zituen, Arizmendi Prorekin elkarlanean.

Inaugurazio-ekitaldian ordenagailuak banatu zizkieten ikastetxeko ikasleei eta GIE interes ekonomikoko taldeetako emakumeei. Arizmendi Proren ordenagailuak birziklatu eta konpontzeko proiektutik eskuratu zituzten gailuak. Horrez gain, Aretxabaletako Kurtzebarri eskolaren bidez bildutako eskola materiala ere banatu zuten.

Tokiko ekonomia indartzeko

Hezkuntzako egitasmoez gain, Mbamgo merkatuan hozkailu-ganbera bat eraikitzeko lanak hasi zituzten urriaren 16an. Yaakarrek Debagoieneko udalen laguntzarekin finantzatutako azpiegiturak, nekazarien eta arrantzaleen produktuak kontserbatzeko balioko du. Horrela, "elikagaien galerak murriztu" eta "produktuak merkaturatzeko aukerak hobetu" nahi dituzte.

Elkarteak tokiko jarduera ekonomikoa sustatu nahi duela adierazi du, eta arreta berezia jarri du emakumeek bultzatutako nekazaritza eta ekonomia egitasmoetan. 

Etorkizuneko egitasmoak

Urriaren 13tik 18ra egindako egonaldian, Ormaetxea Mbamgo udal ordezkariekin, GIE taldeetako emakumeekin, irakasleekin, osasun zentroko medikuekin eta tokiko ekoizleekin bildu zen. Topaketa horietan, herritarren beharrak bertatik bertara ezagutu eta etorkizuneko lankidetza proiektuak elkarrekin aztertu zituzten, tokiko eragileen ekarpenak kontuan hartuta.

Yaakarrek azaldu duenez, egitasmoen helburua da Mbamgo jarduera ekonomikoak eragindako "aberastasuna bertako komunitatean geratzea", herritarren bizi baldintzak hobetzen laguntzeko. Horretarako, herritarren parte-hartzea eta tokiko ekimenak sustatzea lehenetsi nahi dituzte.

Ormaetxeak harrera beroa jaso zuen Mbamen, bertako biztanleekin eta erakundeetako ordezkariekin egindako topaketetan. Yaakar elkartearen arabera, azken urteotan Debagoienaren eta Mbamen artean sortutako konfiantzazko harremanak funtsezkoak dira elkarlanean jarraitzeko. Horregatik, hezkuntzaren eta ekonomiaren arloko proiektu berriak bultzatzen jarraitu nahi dute datozen urteetan, bi komunitateen arteko loturak indartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak