Aretxabaletako Arkupe kultura etxeak bi antzezlan hartuko ditu urria bukatu bitartean. Lehenengoa Javier Liñeraren Lo peor que le puede pasar a un niño izango da, gaur, egubakoitza. Bizipen pertsonaletatik abiatuta, gizonen nortasunaren eraikuntzari buruzko hausnarketa proposatzen du antzezlanak. Sarrerak sei euroan daude salgai, Udalaren webgunean.
Antzezlanak 40 urteko gizon baten bizitza kontatzen du. Protagonistak eta bere alter ego-ak, Barbiek, iraganera joko dute, haurtzarotik helduarora arte bizitakoak aztertzeko. Familiak, inguruko pertsonek eta bizitako esperientziek haren izaeran izan duten eragina azaleratuko dute; bereziki, maskulinitatea eraikitzeko prozesuari erreparatuta.
Kepa Errastiren lana
Urriaren 29an eta 31n, berriz, Xake Produkzioen Sidari antzezlana taularatuko dute. Hogeita hamar urte inguruko bikote gazte baten istorioa kontatzen du Kepa Errasti aretxabaletarrak idatzitako lanak.
Getari Etxegaraik zuzendu du obra, eta Errastik, Iholdi Beristainek eta Hodei Arrastoak jardungo dute aktore lanetan. Sidari antzezlanaren bi emanaldiak 20:00etan izango dira; sarrerak sei eurotan eros daitezke.