Aniztasuna Mugarik Gabe taldeak debut bikaina egin du etxean (6-4)

Xabier Urtzelai

Taldea sortu eta urtebetez entrenatzen ibili eta gero gaur egin du debuta, Ibarran, Aniztasuna Mugari Gabe taldeak, eta estreinaldi ederra izan dute, 6-4 hartu dute eta mendean Urnieta. "Taldea ilusio galantarekin dago", adierazi du Andres Giraldo atezain eta zuzendaritzako kideak.

Partidua hasi baino ordu erdi lehenago (11:30) Aniztasuna Mugarik Gabe taldeko jokalarien aurkezpen xumea egin dute Ibarrako kantxan, eta eskerrak eman diete euren babesleei ere. Ilusioa sumatzen zen kideen artean, urtebetez egon direlako une honen zain, taldea eratzen eta entrenatzen jardun ostean. "Taldekide guztiak fisikoki eta mentalki prestatuta ikusten ditut, ilusio handiarekin daude Aretxabaleta ahalik eta ondoen ordezkatzeko. Taldean herri askotako ordezkariak ditugu, eta baita jatorri askotakoak ere. Bertakoekin batera hegoamerikarrak, marrokiarrak... gaude taldean, eta esandakoa, liga hasteko deseatzen. Gaurko taldea kontrario gogorra da, urteak daramatzatelako liga honetan", adierazi dio GOIENAri partidu aurretik Andres Giraldok. 

Partidu lehiatua

Urnietak, baina, ezustea hartu du aretxabaletarren aurrean. Kanpotarrak izan dira hobeto kantxaratu direnak, eurena izan da baloiaren gabetza, baina Aniztasunakoek eman dute lehenengo kolpea, Jaime Estivenek 7. minutuan egindako jaurtiketa gogor bat euren atezainak ezin izan duenean geratu (1-0). Urnietak minutu gutxitara berdindu du partidua (1-1), eta bazirudien gailentzen joango zirela, eurek zeukatelako baloiaren jabetza. Halaxe izan da, 1-2 egin dute kanpotarrek 19. minutuan, baina atsedenaldirako Jaime Estivenek partidua berdindu du (2-2). 

Lehenengo zatia moduan, bigarrena ere oso parekatua izan da, baina hor etxekoak beti izan dira aurretik. Estivenek 3-2koa egin du 38. minutuan, eta Gorfti Badreddinek 4-2koa 41. minutuan. Urnietakoek ondo erantzun dute, eta partidua berdindu dute Ibai Mugikaren eta Andoni Almorzaren golei esker (4-4). Baina, etxekoek zaleen aurrean ondo debutatu nahi zuten, amaiera gogoangarria eman lehenengo jardunaldi honi, eta Jaime Estivenek eguneko bosgarren gola egin du (5-4) eta Gandar Marouanek ekarri du lasaitasunaren gola (6-4) 59. minutuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak