Liburuak irakurri beharrean, pertsonak entzutea. Horixe da Aretxabaletako Udal Liburutegiak urriaren 24rako, Liburutegiaren Nazioarteko Egunerako, antolatu duen lehen Giza Liburutegiaren proposamena. Sei herritar izango dira hizlariak: Gari Sarasua, Sara Alonso, Beñat Arizabaleta, Morela Veliz, Jose Ramon Elkoro eta Txaro Urrutia. Nork bere bizipenetatik abiatutako istorioa partekatuko du, 10-15 minutuko banakako solasaldietan, 10:30etik 12:30era.
Istorio pertsonaletatik abiatuta
Sei protagonistek askotariko gaiak jorratuko dituzte: autismoa, jazarpena, migrazioa, irakurzaletasuna eta norberaren bidea egitea. Sarasuak, Alonsok eta Arizabaletak bat egiten dute ideia batean: pertsona arrunten bizipenek badutela zer eskainia. Beñat Arizabaletak aitortu du hasieran zalantzak izan zituela: "Zer daukat nik kontatzeko? Pertsona arrunt bat naiz". Hala ere, zaurgarritasuna erakusteak besteekin konektatzeko eta antzeko bizipenak dituztenengana iristeko balio duela uste du.
Sarasuak autismoaren inguruko bizipenak partekatuko ditu, eta aurreiritziak zalantzan jartzea du helburu. Alonsok, berriz, jasandako jazarpenaz eta musikak egoerari aurre egiten nola lagundu zion hitz egingo du. Arizabaletak Aretxabaletan bere lekua aurkitzeko zailtasunak izango ditu abiapuntu, herriarekiko lotura eta norbere burua onartzeko prozesua azaltzeko.
Bizipenak, gizartearen ispilu
Hiruren ustez, kontakizun pertsonalen atzean gizarteari buruzko hausnarketak daude, eta horiek azaleratzea ere garrantzitsua iruditzen zaie; batez ere, gaur egun. Norberaren zailtasunak azaltzeak antzeko egoeretan dauden pertsonengana iristeko balio dezake, baita beste errealitate batzuk ezagutzeko ere. Horregatik, istorioak kontatzeaz harago, entzuleengan zerbait eragitea espero dute.
Entzun eta galdetu
Hirurek azpimarratu dute ez dutela norabide bakarreko kontakizunik nahi. Entzuleek galderak egitea, esperientziak partekatzea eta elkarrizketan parte hartzea espero dute. Ez dute hitzaldi soil bat egin nahi, baizik eta bi aldeentzat aberasgarria izango den solasaldia. Izan ere, prestatutako istorioak beste bide bat har dezake solaskidearen ekarpenen arabera. Hizlarien iritziz, horixe izan daiteke egitasmoaren aberastasuna: entzuleak kontatutakoarekin identifikatzea edo bere ikuspegia aldatzera eramango duen zerbait aurkitzea.
Harremanak sendotzeko
Udal Liburutegiaren helburua herritarren arteko harremanak sendotzea eta elkar hobeto ezagutzeko aukera eskaintzea da. Antolatzaileen esanetan, "sarritan urruneko istorioak ezagutzen ditugu, baina alboan ditugun pertsonenak ez". Horri buelta eman nahi diote, liburutegia herritarren topaleku bihurtuta.