Koro Boo (Donostia, 1965) Asepadual elkarteko hezitzailea da. Patologia duala duten pertsonen eta haien familien errealitatea ezagutarazteko lanean dihardu. Bide horretan, urriaren 21ean Aretxabaletan izango da, 18:00etan, Arkupeko bigarren solairuan; patologia dualari buruzko hitzaldia egingo du. Eta hurrengo egunean Eskoriatzan izango da; osasun mentaleko nahasmenduen eta mendekotasunen arteko harremana zein arreta zerbitzuaren hutsuneak izango ditu hizpide.
Zer da patologia duala?
Pertsona berak mendekotasun-nahasmendu bat eta beste nahasmendu mental bat aldi berean izatea da. Substantziekin edo substantziarik gabe ager daitezkeen mendekotasunekin lotutako prozesu neurobiologikoek eta ingurumen-faktoreek dute zerikusia.
Zein nahasmendu agertzen dira maizen patologia dualean?
Gure esperientzian eta profesional espezializatuengandik jasotako informazioaren arabera, ohikoenak dira nortasunaren mugako arazoak, arreta-defizita eta hiperaktibitatea, eta nahasmendu bipolarra.
Uste baino ohikoagoa da? Zergatik da hain ezezaguna?
Errealitate bat da, eta presentzia handia du osasun mentaleko zein mendekotasunetako baliabideetan. Hala ere, oraindik ez dago adostasun argirik, ezta pertsonak eta haien familiak modu integralean artatzeko behar adina baliabide ere. Horri guztiari estigma gehitu behar zaio.
Konplexua al da patologia duala antzematea?
Ez da beti zaila antzematea, baina diagnostikoa profesional batek egin behar du. Hasieran, ingurukoek ez dituzte beti lehen zantzuak antzematen. Substantzien kontsumoaren susmoa badago, eta, pertsonak inpultsibotasuna edo bestelako sintomak agertzen baditu, komeni da profesional batengana jotzea.
Zer eragin dute aurreiritziek pertsona horiengan?
Nahi genukeena baino askoz handiagoa. Batzuetan, badirudi urte hauetan ia ez dugula aurrera egin eta aurreiritzi askok indarrean jarraitzen dutela oraindik ere. Gainera, patologia horiek justiziarekin lotutako arazoekin eta gizarte-bazterketarekin ere lotzen dira.
Zein dira arreta sistemaren hutsune nagusiak?
Patologia duala duten pertsonek osasun mentaleko zerbitzuetara jo behar izaten dute, alde batetik, eta mendekotasunak artatzekoetara, bestetik. Horrek arreta zailtzen du, bi arazoak batera tratatzeko baliabide nahikorik ez dagoelako. Horregatik, arreta integrala eskaintzen duten zerbitzu eta profesional espezializatu gehiago behar dira.
Nola bizi dute egoera hori familiek?
Familiek egoera oso aldakorrak bizi dituzte, eta horrek estres eta antsietate handia eragiten die. Askotan, ez dakite nola jokatu edo nora jo laguntza bila. Gainera, erakunde publikoek ez diete behar duten babesik eta laguntzarik ematen. Asepadualen ahal dugun guztia egiten saiatzen gara familiei laguntzeko, baina, askotan, ez gara iristen.
Zer aldatu beharko litzateke egoerak hobera egiteko?
Gizartean, estigma gainditu eta eragindako pertsonei zein haien familiei begiratzeko modua aldatu behar da. Erakundeetan, berriz, baliabide gehiago eta inplikazio politiko handiagoa behar dira, konpromisoak promes hutsetan gera ez daitezen.
Zer mezu helarazi nahi diezu Aretxabaletako hitzaldira joango diren herritarrei?
Patologia dualaren inguruko estigma gainditzearen garrantzia azaldu nahi diet, eta, batez ere, itxaropen-mezua helarazi. Oraindik aurreiritzi ugari daude, eta horiek gainditzeko ezinbestekoa da errealitate hau hobeto ezagutzea. Garrantzitsua da patologia dualari ikusgarritasun handiagoa ematea eta gure aldarrikapenak herritar guztiengana iristea, salbuespenik gabe.