Aniztasuna Mugarik Gabe areto-futbol taldeak domekan, urriaren 18an, ekingo dio ligako denboraldiari. Urnietaren aurka jokatuko du lehen partida, Ibarra kiroldegian, 12:00etan, Gizonezkoen Lehen Erregional Mailan. Neurketa baliatuko dute taldea eta proiektua herritarren aurrean aurkezteko.
Iaz sortu zuten Aniztasuna Mugarik Gabe, ate irekiko entrenamenduekin, eta aurten lehen aldiz lehiatuko dira ofizialki. Denbora gutxian jokalari multzoa osatu dute, eta pasa diren asteetan denboraldiaurreko partidak jokatu dituzte liga hasierara ahalik eta ondoen iristeko.
Aurkezpena, partida aurretik
Domekako neurketaren aurretik jokalariak eta babesleak aurkeztuko dituzte, musikaz lagunduta. Horrela, lehen partida berezia izatea nahi dute, eta herritarrak Ibarra kiroldegira joatea, taldearen lehen denboraldi ofizialaren hasieran.
Jokalariak martitzenetan entrenatzen dira, Ibarra kiroldegian, 18:40an, eta eguenetan Almenen, 19:10ean. Taldera batu nahi dutenak Instagram bidez jar daitezke harremanetan, probatzera joateko aukera zehazteko. Maila edozein dela ere, taldeko ateak edonorentzat zabalik daudela adierazi dute klubeko ordezkariek.