Aretxabaletako Gazteleku zerbitzuko kideak hirugarren urtez jarraian parte hartu dute Erasmus+ programaren baitan antolatutako nazioarteko nesken topaketan. Urriaren 11ko Nesken Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira Alemaniako Wiesbaden udalerriak sustatutako ekimena da, hainbat herrialdetako neskek bizi duten "errealitatea partekatzeko eta genero berdintasunaren inguruan hausnartzeko". Azken bi urteetan Polonian egin dira topaketak eta han izan ziren Aretxabaletakoak. Aurten, ostera, ekimena Euskal Herrian antolatu dute, Zarautzen, eta han elkartu dira Turkia, Alemania, Polonia, eta Palestinatik etorritako neska gazteak, aretxabaletarrekin batera.
Harrera udaletxean
Topaketa urriaren 10ean hasi zuten eta hilaren 17ra arte egongo dira. "Astebetez, gazteek elkar ezagutzeko aukera izango dute, bakoitzaren kultura eta errealitateak partekatuz", adierazi dute Aretxabaletakoek.
Horrez gain, hainbat lanketa, dinamika eta bisita egingo dituzte, "elkarbizitza eta berdintasunaren inguruko hausnarketak bultzatzeko eta nazioarteko harremanak sustatzeko" helburuarekin.
Gaur, urriak 13, Aretxabaleta bisitatu dute parte-hartzaileek. Goizean Urkulu urtegi ingurunea eta herriko hainbat txoko ezagutu dituzte eta eguerdian, udaletxean, harrera instituzionala egin diete. Gari Iturbe Aretxabaletako alkatea eta Gazteria eta Berdintasun zinegotzia den Ainhoa Sanchez elkartu dira haiekin. Arratsaldean, ostera, Tril Txoko Feministan egingo den ahalduntze tailerrean parte hartu dute.

Aretxabaletako Udalak balioa eman nahi izan dio ekimenari halako programek "nesken garapen pertsonalean, kulturartekotasunean eta nazioarteko lankidetzan egiten duten ekarpenagatik". Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkie ekimenean parte hartzen ari diren gazte guztiei zein programaren sustatzaile diren erakundeei eta eragileei.