"Zainketaren inguruko dinamika berri bat" garatzen ari da Aretxabaletako Udala eta horren baitan antolatu du lau saio dituen hitzaldi-zikloa. Martitzenetan izango dira horiek, urrian bi eta azaroan beste bi, 18:00etatik 20:00etara bitartean, Karmele Igartua aretoan.
Olaia Arana Alvarez, Gizarte Lanean diplomaduna eta Etika Soziosanitarioan aditua, izango dute gidari eta eduki teorikoak eta parte-hartze dinamikak uztartuko dituzte. "Modu aktiboan parte har dezaten beren planifikazio-prozesuan", adierazi dute antolatzaileek.
Interesa duen edonorentzat
Gaiarekiko interesa duten herritar guztiei irekia dago zikloa, eta hitzaldiak elebitan izango dira: "Helburua da parte-hartzaileak ahalduntzea etorkizuneko beren osasunari eta ongizateari buruzko erabaki informatuak hartzen. Horrek areagotu egin dezake kontrol sentsazioa eta sor daitezkeen erronkei aurre egiteko gaitasuna".
Lehen saioa, urriaren 20an izango da, eta eguneroko ohiturak eta autozainketa izango dituzte hizpide. Helburua da eguneroko zaintzak modu kontzientean identifikatzea eta etorkizunean nola kudeatu nahi diren planteatzen hastea.
Bigarren hitzaldian, urriaren 27an egingo dute, eta osasun egoera larrien aurrean sor daitezkeen erabakiak ikuspegi etiko eta legaletik landuko dituzte: borondate aurreratuen dokumentua zer den, nola formalizatzen den eta testuinguru kritikoetan zer garrantzi duen. Hiltzeko laguntza emateari buruzko informazioa ere emango da Aranak, "autonomia pertsonalaren errespetuan oinarrituta".
Hirugarren saioa, azaroaren 10ekoa, ondare plangintza eta lege ordezkaritza izango dituzte berbetarako gai; prebentziozko botere notarialak, egitezko zaintza eta kuradoretza jorratuko dira.
Eta azken saioan, azaroaren 17an, testamentuen eta herentzien gakoei buruz hitz egingo da.
