Markagailua iraulita lortu ditu hiru puntuak UDAk

Julen Murua Mesonero

Birritan jarri da markagailuan aurretik UDA, eta markagailua irauli ere egin behar izan du garaipena lortzeko. Bigarren zatian lortu duen errentari eutsi eta hiru puntuak Ibarran gelditzea lortu du. Mohamed Gourmatek sartu ditu garaipeneko azkenengo bi golak.

Ezin hobeto hasi du partida UDAk Pasaiaren aurkako partida: hirugarren minutuan Imanol Goikoetxeak ateratako kornerra ederki errematatu du Manex Ibarrondok sareetara. Halako partidetan markagailuan aurretik jartzea oso garrantzitsua izaten da, eta UDAri indarra eman dio Ibarrondoren gol horrek. Izan du bigarrena egiteko aukeraren bat edo beste, baina orduan iritsi da pasaiarren berdinketa: 19. minutuan sartu du Luken Larrañagak, eskuin hegaleko erdiraketa bat errematatuta. Hamar minutu besterik ez ditu behar izan Pasaiak bigarrena egin eta aretxabaletarren partida hasiera ona zapusteko: Goar Zabala izan da golegilea, areara egindako erdiraketa bat errematatuta. UDAk ez du behera egin, eta behin baino gehiagotan izan du gertu berdinketaren gola. Asko estutu diete etxekoek Pasaiakoei, eta atsedenaldira iritsi baino lehenago sartu du berdinketaren gola Ander Tomasek.

Atsedenaldiaren aurretik sartutako golak psikologikoak izaten dira askotan; batez ere, bigarren zatiari begira. Bada, hori baino erabakigarriagoa izan da bigarren zatia hasi eta bost minututara Pasaia hamar jokalarirekin gelditu izana: Ander Martinek bigarren txartel horia ikusi du Oxel Artolazabali egindako falta batengatik. Hortik aurrera, UDA jaun eta jabe izan da eta etxekoen hirugarrena geroz eta gertuago ikusten zuten Ibarrara joan diren zaleek. Gol horrek, baina, itxaron egin behar izan du bigarren zatiko protagonista zelairatu arte; izan ere, zelaira sartu eta minutu batera Mohamed Gourmatek hirugarren gola sartu du etxekoentzat, eta laugarrena ere harena izan da Ander Pachecoren pase bat bigarren zutoinean errematatuta.

Hala, bigarren garaipena jarraian erdietsi dute Jose Javier Barkerorenek, eta sailkapeneko bosgarren postuan kokatu dira. Hurrengo jardunaldia Real Union B taldearen aurka jokatuko dute, Gal futbol zelaian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak