Herrixa Kuartelera jaialdian, Txerrikumeak berriz oholtza gainean

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba

Musika, jai giroa eta kultur proiektuei ikusgarritasuna emateko gogoa uztartu ditu aurten Herrixa Kuartelera ekimenak. Bi eguneko egitarau zabalaren barruan, atzokoan Txerrikumeak taldearen itzulera izan zen une berezienetako bat: ia bi urteko etenaren ondoren, aretxabaletarrak agertokira igo baitziren. 

Bi eguneko egitarau zabalarekin ospatu dute aurten Herrixa Kuartelera ekimena. Musikak hartu zuen protagonismoa, baina dantzak, kalejirak, bazkariak eta bestelako ekintzek ere izan zuten lekua bi eguneko jaialdian.

Zapatuko hitzordu berezienetako bat Txerrikumeak taldearen itzulera izan zen; izan ere, ia bi urte igaro dira aretxabaletarrek azkenekoz kontzertua eskaini zutenetik. Taldearen betiko kantuek bat egin zuten ikusleen ahotsekin, eta bertaratutakoek harrera beroa egin zieten agertokira itzuli berriei: txalo artean, salto eginez eta letrak gogotsu abestuz, Speed ’r’ Man, Bakarrik edo Todo Va Bien kantuak ozen entzun ziren.

Musika eskaintza, ordea, eguerditik hasi zen. 12:00etan Kuarteletik Tourra egin zuten, eta ordu erdi geroago Inalektrik igo zen agertokira. Ondoren, DJ Marianek Marianito Pintxada eskaini zuen, bazkariaren aurretik. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Amaiur eta Garazi arrasatearrek eman zioten hasiera kontzertu sortari. Haien ondoren, Nhil, Zirrara, Trigger, Ajou, Txerrikumeak, Veneno eta Totz&Jou aritu ziren. Troxka dantza taldeak ere emanaldia eskaini zuen.

Kulturarentzat, arnasgune

Kuartel barruan urte osoan egiten duten lana kalera ateratzeko aukera ere bada Herrixa Kuartelera jaialdia. "Aitzakia bat da, jendeak Kuartela eta bertan egiten dena ezagutzeko", azaldu du Andoni Lapuerta, Kuarteleko zuzendari batzordeko kideak. Jarduera handiko eraikina da Kuartela: "150 pertsona inguru aritzen gara bertan, eta horrelako ekimenen bidez barruan egiten dena erakutsi nahi dugu" gehitu du.

Aretxabaletako kulturarentzat "Kuartela arnasgunea" dela gaineratu dute, izan ere, herrian garatzen diren proiektuak sustatzeko balio du. Kuartelak kultur jarduerak hartzeko espazioa eskaintzen du, eta, aldi berean, bertan sortzen diren proiektuek bizia ematen diote eraikinari. "Erraztasuna ematen du espazio bat izateak proiektuak garatzeko" adierazi du Lapuertak.

Erlazionatuak

Herrixa Kuartelera jaialdia argazkitan

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba urr 11, 11:02 Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak