Zabalik dago Kuku Mikuko Guraso Eskolan izena emateko epea

Oier Zumarraga Aranburu

Nerea Mendizabalek gidatuko ditu gurasoei zuzendutako bederatzi saioak, eta urriaren 19ra arte eman daiteke izena.

Kuku Miku elkarteak 2026-2027ko ikasturteko Guraso Eskolan izena emateko epea zabalik du urriaren 19ra arte. Egitasmoa 0 eta 12 urte arteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzenduta dago, eta Nerea Mendizabal "komunikazio ez-bortitzean" adituak gidatuko ditu saioak. Hamabost guraso inguruko taldea osatuko dute, eta bederatzi saio egingo dituzte ikasturtean zehar, hilean behin. Bi orduko saio praktiko eta dinamikoak izango dira, gurasoek egunerokoan dituzten kezka, galdera eta egoera zehatzetatik abiatuta, eta elkarrekin hausnartzeko aukera ere izango dute bertan.

Eguneroko egoerak, abiapuntu

Besteak beste, mugak, autonomia, sariak eta zigorrak, beldurrak, sexualitatea, agresibitatea eta egoera gatazkatsuak landuko dituzte. Helburua gurasoei seme-alaben jokabideak ulertzeko eta eguneroko egoerei aurre egiteko baliabide praktikoak eskaintzea da. Iratxe Arbulo, adibidez, orain dela zazpi urte hasi zen Guraso Eskolan, alabak hilabete gutxi zituenean. Haren esanetan, saioek eguneroko gatazkei "beste perspektiba batekin" begiratzeko aukera ematen diete. Izena emateko, kukumikuelkartea@gmail.com helbidera idatzi behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak