Oñatiko Malko taldeak kontzertua emango du urriaren 16an, egubakoitza, 22:30ean, Karmele Igartua aretoan. Bost musikariz osatutako rock taldeak Danbaka musika lehiaketako sari nagusia irabazi zuen iaz. 2025eko azaroan aurkeztu zuten haien azken lana, zortzi abestiz osatutako Minmugak diskoa, eta disko hori aurkezten dihardute egun. Lan berriak askotariko abestiak biltzen ditu: batzuk gogorragoak eta beste batzuk xamurragoak; betiere, rock doinuetan oinarrituta, taldearen ohiko estiloari eutsita. Kontzerturako sarrerak salgai daude, Udalaren webgunean.
Blues doinuak zapatuan
Paul San Martin Quartet izango da hurrengo eguneko protagonista. Urriaren 17an, zapatua, 19:00etan hasiko da emanaldia, Zaraia aretoan. Paul San Martin piano-jotzaile eta abeslariak bluesa eta musika beltza ditu bere ibilbidearen ardatz, eta Europako zirkuituetan aritu da. Aretxabaletako emanaldian hiru musikari izango ditu alboan: Sylvain Tejerizo saxo tenorrean, Abdell B Bop kontrabaxuan eta Romain Gratalon baterian. Hirurak ohiko bidelagun ditu San Martinek zuzenekoetan. Kontzertu horretarako sarrerak ere Internet bidez eros daitezke.