'Herrixa kuartelera' jaialdiak bi egunez beteko du kuartela ekintza kulturalez

Oier Zumarraga Aranburu

Título 2165765

Hamahiru musika talde eta askotariko ekintzak izango dira egubakoitzean eta zapatuan.

Kuartela Kultur Elkarteak Herrixa kuartelera jaialdia egingo du egubakoitzean eta zapatuan, urriaren 9an eta 10ean. Bi eguneko egitarau zabala prestatu dute, musika ardatz hartuta, baina dantzak, kalejirak, bazkariak eta bestelako ekintzek ere izango dute lekua. Helburuak herritarrei kuarteleko lana ezagutaraztea eta herritarrekin harremana sendotzea dira.

Kuartela herriko sortzaileek autogestionatutako kultur elkartea da, eta gaur egun 150 erabiltzaile inguru biltzen ditu. Musika taldeak dira gehienak, baina dantza taldeek, gaiteroek, txalapartariek, eskulanetan dihardutenek eta norbanako gisa proiektuak garatzen dituztenek ere erabiltzen dute espazioa, euren jarduna garatzeko.

Herritik, Kuartelerea

Urtero egiten duten jaialdiaren izaera txandakatzen dute: urte batean Kuartela herrira antolatzen dute, eta hurrengoan, Herrixa kuartelera. Lehenengoarekin, kuarteleko jarduna herrira ateratzen dute; bigarrenarekin, berriz, herritarrak kuartelera erakartzea dute helburu. "Herriaren eta kuartelaren arteko harreman bidirekzionala mantendu eta babestea" dago bi egitasmoen oinarrian.

Egubakoitzean, 19:30ean, Mitarte kaletik kuartelera egingo duten kalejirarekin hasiko dute egitaraua, gaiteroek lagunduta. 20:30ean hasita, Ezereza, Ezta Ilen, Ganibet eta Ateri taldeek joko dute. Sabela betetzeko, Zaloña Aurrekoa baserriko hanburgesak ere izango dira.

Hamahiru musika talde

Zapatuan egun osoko egitaraua izango dute. 12:00etan Kuarteletik Tourra egingo dute, eta 12:30ean Inalektrik ariko da. DJ Marianen Marianito Pintxada izango da ondoren, eta 14:30ean bazkaria egingo dute. Arratsaldeko musika eskaintza 17:00etan hasiko dute Amaiur eta Garazi arrasatearrek. Ondoren ariko dira Nhil, Zirrara, Trigger, Ajou, Txerrikumeak, Veneno eta Totz&Jou. Troxka dantza taldeak ere emanaldia egingo du. Janari furgoneta ere bertan izango da.

Herriko sortzaileez gain, Euskal Herriko beste lau talde gonbidatu dituzte: Zaldibarko Ezta Ilen, Altsasuko Ganibet, Iruñeko Ajou eta Gasteizko Veneno. Antolatzaileen esanetan, beste herri batzuetako sortzaileekin harremanak egitea eta Herrixa kuartelera "sortzaileen topagune" bihurtzea dute helburu. 

Txerrikumeen "itzulera" kontzertua

Ia bi urte igaro dira Txerrikumeak taldeak azkenekoz jo zuenetik, eta zapatuan itzuliko dira agertokietara. Aurten eskainiko duten kontzertu bakarra izango da, kantu berriak sortzen ari baitira. Aurrerago zerbait berria grabatzeko asmoa dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak