Lausitako Hornidura eta Saneamendu Plana idazten hasi da Aretxabaletako Udala

Oier Zumarraga Aranburu

Auzo osoko sareak berritzea eta kale zein espaloiak konpontzea jasoko du proiektuak; idazketak 100.000 eurotik gorako kostua izango du.

Aretxabaletako Udalak Lausita auzoko Hornidura eta Saneamendu Plan Bereziaren proiektua idazteko espedienteari hasiera eman dio. Esku-hartzeak auzo osoa hartuko du, 16.000 metro koadro inguruko eremua, eta bertako saneamendu eta hornidura sareak erabat berritzea dute helburu. Azpiegitura horiekin batera, kaleak eta espaloiak ere konponduko dituzte. Udalak proiektuaren idazketa aurten lizitatzeko asmoa du, eta lan horien kostua 100.000 eurotik gorakoa izango da. Aurreikuspenen arabera, agintaldia amaitu aurretik proiektua idatzita egongo da, hurrengo agintaldian obrak hasi ahal izateko.

Urgentziazko konponketa

Azken hilabetean, urgentziazko esku-hartzea egin dute Lausitako 2-12 atarietan, ur horniduran zegoen arazoari irtenbidea emateko. Egindako konponketarekin, etxebizitza horietako ur hornidura bermatuta geratu da eta zegoen arazoa konpondu dute. Euri uren saneamendua egitea eta gainerako atarietako instalazio guztiak berritu behar dituztela ere adierazi dute Udaletik. Behar horiei guztiei modu bateratuan erantzuteko idatziko dute Hornidura eta Saneamendu Plan Bereziaren proiektua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak