Aretxabaletako San Migel jaiek euskal folklorez bete zituzten herriko kaleak. Eguraldia lagun, musikak, dantzak, azokak, herri kirolek eta gastronomiak izan zuten protagonismoa. Ibai Zangitu Kultura zinegotziak jaien balorazio "oso ona" egin du, eta herritarren erantzun bikaina nabarmendu du. Egubakoitzeko Erromerixie Atxabaltan izan zen aurtengo berritasunetako bat. Adin askotako dantzariak batu ziren Mitarte kalean, herriko musikariek jotako arin-arin, fandango eta bestelako doinuak dantzatzeko. Ondoren, ia 700 herritar elkartu ziren Herriko Plazako kantu afari arrakastatsuan, Sei Pistols & Trabuko Bat taldearekin batera gaua kantuan igarotzeko.
Azoka eta bazkaria, jendetsu
Zapatuan, artisau, nekazari eta ganadu azokak 39 postu bildu zituen. Txistulariek, trikitilariek, Iturengo joaldunek eta txalapartariek girotu zuten goiza. Talogileek ere gogotik lan egin behar izan zuten Herriko Plazako kokaleku berrian, ilara luzeak sortu baitziren goizetik taloa jateko. Azokaren ostean, elkartasun bazkariak 500 lagun inguru batu zituen frontoian. Arratsaldean, berriz, Beinke-Loramendi dantzak herritar ugari elkartu zituen Herriko Plazan. Aurten leku gehiago izan zuten dantzariek, oholtzarik gabe. Zangituren esanetan, erosoago aritu ziren ikusle zein dantzariak, eta hurrengo urteetarako kontuan hartuko dutela.
Domekako eskaintza
Domeka goizean, doke txapelketan Basotxo nagusitu zen. Eguerdian, berriz, harri-jasotzaileen eta aizkolarien erakustaldiak ikusmin handia sortu zuen Herriko Plazan. Aretxabaleta Abesbatzaren kontzertuak borobildu zuen domekako egitaraua. Amerikako herrialdeetako doinuak ardatz hartuta, hamabost pieza eskaini zituzten parrokian, musikariek lagunduta. Besteak beste, La Llorona, Habanera eta Gracias a la vida abestu zituzten jaiei ginga jartzeko. Hain zuzen ere, Zangituk herriko eragile guztien lana eskertu du, eta haien ekarpena nabarmendu: erraldoi eta buruhandien konpartsa, gaiteroak, azokako ekoizle eta artisauak, txistulariak eta gainerako taldeak. "Haiek sortzen dituzte jaiak", adierazi du.