Aretxabaletako Udalak osasun mentalarekin lotutako hainbat jarduera antolatu ditu urrirako. Gaurtik hasita egitarauak hiru hitzordu izango ditu, eta osasun mentala ez ezik, drogen kontsumoa, mendekotasunak eta horiek pertsonengan duten eragina ere landuko dituzte.
Lehenengo saioa gaur, urriaren 1ean, izango da. Hutsune handi bat dokumentala emango dute Zaraia aretoan, 18:00etan, eta sarrera doakoa izango da. Dokumentalak heroinak eta HIESak Urretxun eta Zumarragan utzitako arrastoa du ardatz. 115 gaztetik gora hil ziren bi herrietan horien ondorioz, eta bizirik geratu zirenen bizipen, sentimendu eta hutsuneak jasotzen ditu lanak. Sendatu gabeko zauriez eta minaz hitz egiten dute protagonistek, baita iragana gogoratzeak eragiten dien minaz eta beldurraz ere.
Ostalaritzako langileentzako saioak
Egitarauak urriaren 13an eta 15ean izango du jarraipena, alkoholaren eta beste drogen gehiegizko kontsumoari buruzko prestakuntzarekin. Herriko ostalaritzako langileei zuzenduta egongo da, eta Arkupeko bigarren solairuan egingo dute, 09:00etatik 12:00etara.
Saioen helburua aisialdiko lokaletako langileei baliabideak eskaintzea izango da, bertaratzen diren pertsonen segurtasuna sustatzeko. Besteak beste, alkoholaren eta bestelako drogen inguruko mitoak, substantzien sailkapena eta kontsumotik eratorritako ohiko egoera problematikoak landuko dituzte. Arriskuak murrizteko jarraibideak ere emango dituzte, jarduera praktikoen bidez.
Patologia duala hizpide
Azken hitzordua urriaren 21ean izango da. Patologia dualari buruzko hitzaldia egingo dute Arkupeko bigarren solairuan, 18:00etan, Maria del Coro Boo Garcia Asepadual elkarteko hezitzailearen eskutik.
Saioan patologia dualaren ezaugarriak eta horri lotutako arazoak azalduko dituzte, herritarrak gaiaren inguruan informatu eta sentsibilizatzeko. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, patologia dualaz hitz egitean pertsonak eta haien bizipenak jarri nahi dituzte erdigunean, aurreiritzirik gabe eta ikuspegi integral batetik.