POBA proiektuaren baitako jarduerak datorren astean hasiko dituzte

Mirari Altube Arrese

Hainbat aretxabaletar ibilaldi osasungarri batean.

Aretxabaletako 70 urtetik gorako pertsonen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea helburu duen POBA proiektuaren baitako jarduerei ekingo diete urrian. 2026-2027 ikasturterako ekintza-plana osatu dute eta bereziki nabarmendu dituzte eremu fisikoa, kognitiboa, emozionala eta nutrizionala lantzeko ekimenak.

POBA proiektua Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak eta Aretxabaletako Udalak bultzatutako ekimena da, eta jarduera guztiak debalde izango dira. Karmele Igartua aretoan elkartuko dira horietarako.

Jarduera fisikoa 

Gimnasia seniorra eguaztenetan egingo dute, 10:00etatik 11:00etara, urriaren 7an hasita. Izena emateko Udaleko Gizarte Zerbitzuetara edo Basotxora jo daiteke eta 25 lagunendako edukiera dute gehienez.

Gimnasia egokitua –koordinazioa, oreka eta indarra sustatzeko ariketa egokituak– ere eguaztenetan izango da, 11:00etatik 12:00etara, urriaren 7an hasita. Hemen ere 25 lagunendako lekua daukate eta Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo behar da izena emateko. Bereziki mugikortasun arazoak dituztenei gomendatu diete –gurpildun aulkian edo laguntza-elementuekin egingo dira– eta jarduera fisikoaren zientzietako profesionalek bideratuko dituzte.

Ibilbide osasungarriak hilabete bakoitzeko lehenengo martitzenetan egingo dira, 09:30etik 11:30era bitartean, Karmele Igartua aretotik abiatuta. Urriaren 6an izango da lehenengoa eta ekainaren 1ean azkena. Parte hartzeko ez dago aldez aurretik izenik eman beharrik.

Etxez etxeko jarduera fisiko zerbitzua, etxetik mugitu ezin direnentzat da eta eguen goizetan izango dira saio horiek. Argibide gehiago gura izanez gero edo izena eman Gizarte Zerbitzuetara jo daiteke, baita osasun etxeko erizainengana ere.

Hitzaldiak eta ikastaroak

Horiez gain hitzaldiak eta tailerrak ere egingo dituzte eta Aretxabaletako Lanbide Eskolako eta Arizmendiko Lanbide Heziketako kideek gidatuta. Eguenetan izango dira, hamabostean behin, 10:00etatik 11:00etara; eta edonor joan ahal izango da. Hona hemen horiek:

  • Urriak 29: Memoria eta arreta landu dezagun.
  • Azaroak 12: Indar entrenamendua, gorputza lantzea baino gehiago.
  • Azaroak 26: Jolas dezagun ilobekin.
  • Abenduak 10: Erorketak saihestu ditzagun.
  • Urtarrilak 14: Mobilizazioak eta lekualdatzeak.
  • Urtarrilak 28: Zunba, sasoia mantentzeko modu bat.
  • Otsailak 11: Gerizpearekin boxeoan.
  • Otsailak 25: Zer izan behar dugu botikin batean?
  • Martxoak 11: Lehen sorospenak.
  • Apirilak 15: Informatika.
  • Maiatzak 13: Gorputza buruarekin konekta dezagun, jolasean…
  • Maiatzak 27: Kozinatu dezagun segurtasunez.

Osasun eta ongizate tailerrak ere egingo dituzte martitzenetan; horiek arratsaldetan izango dira, 18:00etatik 19:00etara. Eta informazioa eskatzeko eta izen-emateko osasun etxeko erizainengana jo behar da edo Udaleko Gizarte Zerbitzuetara. Tailer horietan, gehienez, 15 lagun onartuko dituzte. Hona hemen:

1. modulua: Indartu zure gorputza, babestu zure defentsak: hezur-osasuna eta sistema immunea orekan. 

  • Hitzaldia: azaroak 3.
  • Tailerra: azaroak 16, 23 eta 30.

2. modulua: Bizi-erritmoa: bihotz-osasuna eraldatzen duten ohiturak.

  • Hitzaldia: urtarrilak 26.
  • Tailerra: otsailak 1, 8 eta 15.

3. modulua: Kudeaketa emozionala eta loaren kalitatea. Oreka berreskuratzeko tandema. 

  • Hitzaldia: apirilak 27.
  • Tailerra: maiatzak 10, 17 eta 24.

Horiez guztiez gain erorketa tailerrak eta nordic walking tailerra ere antolatuko dituzte, oraindik data zehatzik izan ez arren.

Adituek gidatuta

Jarduera fisikoko ekintzak Athlon enpresako profesionalek gidatuko dituzte. Belaunaldiarteko ekintzak, hitzaldiak eta saioak Aretxabaleta Lanbide Eskolako eta Arizmendi Lanbide Heziketako kideek bideratuko dituzte; eta osasun eta ongizate tailerrak Osarten kooperatiba elkarteko ordezkariek. Hitzaldietan edonork parte hartu ahal izango du; gainerakoetan, 70 urtetik gorakoek bakarrik.

Informazio gehiago gura duenak osasun etxeko erizaintzara edo Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo dezake: 943 71 18 62 –Ext.24– edo amendia@aretxabaleta.eus.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak