Aurreko urteetan baino postu gutxiago, baina, hala ere, gustura geratzeko moduko eskaintza izan dute eskura gaur goizean herritarrek. Artisauek bitxiak, arropak, oihalak, egurrezko tresnak, kosmetikoak, xaboiak, panpinak, poltsak, ilustrazioak eta bordatuak jarri dituzte ikusgai eta salgai. Ekoizleek, berriz, barazkiak, fruituak, landareak, gozogintza produktuak eta bestelako jakiak. Kurtzebarri eskolako eta Almen ikastolako kideek ere jarri dute postua, gainera.
Ganaduari dagokionez, ardi latxek eta sasi-ardiek, pottokek, behi piriniotarrek eta terreñek, eta ahuntz azpigorriek piztu dute interesa.
Musika eta janaren konpainian
Aretxabaletako txistularien dianak eman dio hasiera feriari, eta jarraian irten dira kalejiran Leizarra Musika eta Dantza Eskolako trikitilariak. Iturengo joaldunak hirugarrenez etorri dira azokara, eta beste behin erakutsi dute zortzi kilo inguruko joareak modu koordinatuan astintzeko duten gaitasuna. Beste horrenbeste egin dute txalapartariek makilekin Durana kalean.
Talo txosna Herriko Plazan jarri du aurten Loramendi elkarteak. Elkartasun bazkaria, berriz, ohiko tokian egingo dute, Iturrigorri frontoian.