Juan Telmo Barandiaranek modu autodidaktan ikasi du margotzen, eta horrela margotu ditu Arkupen ikusgai ipini dituen 31 koadroak. Urriaren hasierara arte ikusi ahal izango da bilduma. "Anai-arrebek animatuta ipini dut erakusketa; eta, egia esan, herrikide batzuk harritu egin dira koadroak margotzen ditudala jakin dutenean. Autodidakta izan naiz. Ez naiz irakasle batekin egon. Interneten begiratuta ikasi dut margotzen. Musikarekin ere, gauza bera; pianoa daukat etxean, eta nire kabuz ikasi dut jotzen", esan dio GOIENAri Barandiaranek.
Margolan akrilikoak daude erakusketan, askotariko gaien gainekoak. "Erakusketak ez du izenik. Urte hauetan margotu ditudan koadroak dira. Batez ere, paisaiak eta animaliak margotzea gustatzen zait: arranoak, zaldiak... Hasi nintzenean, olio-lanak egiten nituen, baina denbora asko behar nuen lehortzeko. Orduan ezagutu nuen akrilikoa, eta horrekin dihardut".
Gustuko gaien gainekoak margotzen ditu, baina gorroto duenik ere badu: autorretratuak ez zaizkio gustatzen. Esperientzia txarra dauka. "Behin egin nuen bat, eta jabeari ez zitzaion gustatu. Beraz, lehena eta azkena izan zen. Autorretraturik ez".
Erlaxatzeko unea
Etxean 110 margolan ditu, paretetan zintzilikatuta. "Pinturak lagundu egin dit une txarretan. Lasaitasun eta erlaxazio handia ematen dit. Batez ere, eguraldi txarra, hotza edo euria egiten duen egunetan, etxean giltzapetu eta margotu egiten dut. Hori da nire unea".