Aretxabaleta Abesbatzak aurten ere ez du hutsik egingo San Migel jaietan. Azken urteetako zarzuela kontuak ahaztu, eta aurten abesti ezagunekin osatutako egitaraua gertatu dute; abesti horiek guztiek gai bat izango dute ardatz. Amerika. "Ipar Ameriketatik hasi eta Argentinara iritsi arte, herrialde askori egingo diegu keinu abestien bidez", azaldu du Mariatxen Urkiak, Aretxabaleta Abesbatzako zuzendariak.
Habanera eta tangoa
Bidaia hasiko dute Nino Bravo valentziarraren América ezagunarekin, eta, ondoren, estilo asko ukituko dituzte: "Mendebaldeko amerikarren, beltzen Amerika espirituala eta kotoi-biltzaileen doinuak jasotzen dituzten abestiak ekarriko ditugu, Mexiko, Puerto Rico, Peru, Uruguai eta Boliviako bana ere bai, eta badaude Txileko bals bat eta Argentinako tango bat ere. Emanaldia bukatuko dugu Kolonbiako abesti batekin. Batzuk lasaiagoak dira eta beste batzuk, dantzagarriagoak". Hamabost kantu izango dira guztira, eta horien artean bi euskaraz abestuko dituzte: "Ez da samurra izan gai honen bueltako euskarazko abestiak topatzea. Bata izango da elizan kantatu ohi dugunetako bat: Go Down Moses. Baina beste doinu batekin, beste ukitu bat emanda abestuko dugu oraingoan, espiritualagoa izango da. Eta bigarrena da Xabier Leteren Habanera".
Gainerako kantuak ere oso ezagunak direla adierazi du Urkiak; horien artean daude honako hauek: El condor pasa, Violeta Parraren Gracias a la vida eta Volver tangoa; eta La leyenda de la Ciudad sin nombre filmeko soinu-bandaren baitan dagoen Estrella errante ere abestuko dute.
Aurreko ikuskizunetan legez, abestiak girotzeko arropa eta atrezoa zaintzen ahaleginduko dira.
Bost bakarlari
Abesbatza 30 kide inguruk osatzen dute gaur egun. Horien artean hainbatek bakarka jardungo dute: Mari Carmen Etxeandia, Mariatxen Urkia eta Maider Garai sopranoek eta Iñaki Zumalde eta Imanol Aizpurua baxuek. Buru-belarri dabiltza guztiak entseguetan, bakarlariak zein gainerakoak, emanaldi dotorea prestatu nahian.
Abeslarien lana borobiltzeko, musikarien taldetxo bat ere egongo da. Abesbatzaren ohiko lagun diren Francesena aita-seme azpeitiarrek jardungo dute; Jose Luisek pianoan eta Unaik perkusioan. Eta haiekin batera izango dira Azpeitiko bandako bi tronpeta-jole.
Domekan, irailak 27, Andre Mariaren Zeruratze parrokian izango da emanaldia, 19:00etan, debalde, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte "arratsalde atsegin bat pasatzera, edonork ezagutzen dituen abestiak entzunez".