Maritxu Kajoiren 50. urteurrena ospatzeko erakusketa, kontzertua eta sorpresak

Mirari Altube Arrese

Maritxu Kajoi Komisiñoko hainbat kide Zeziaga denda ohiaren aurrealdean.

Maritxu Kajoiren omenezko ospakizunak 50 urte beteko ditu aurten, eta hori gogotik ospatu gura dute Komisiñoko kideek zein herritarrek. Horregatik, nobedade ugari iragarri dituzte: erakusketa bat Zeziaga denda ohiaren lokalean, kontzertu bat urriaren 2an eta beste hainbat sorpresa. Inbutua, ostera, herriko gaiteroek jasoko dute egubakoitzean.

Maritxu Kajoi Komisiñoko kideek gaur eman dute egitarauaren berri Zeziaga denda ohiaren aurrealdean; hain zuzen ere, erakusketa jarriko duten lekuan. Arrasaten hain kuttuna den ospakizunaren 50. urteurrenean keinu egin gura izan diote Maritxu egunean arrasatear asko eta asko jantzi zituen dendari. Hala jarri dute atean: "Topa Ceciaga dendan eta bertako langilien omenez, 104 urtez mondrauetarrok elegante janzten lagunketiarren!" Egunean bertan, urriaren 2an, eskapularioak –urre kolorekoak– saltzen ere izango dira han.

Horrez gain, beste berritasun bat da egubakoitz eguerdi horretan kontzertu bat egongo dela; taldearen izenaren berri astelehenean emango dute.

Gaiteroei aitortza

Bestetik, aurten, Arrasateko gaiteroek jasoko dute Maritxuren inbutu preziatua. Komisiñokuek adierazi dute gaitero barik ezin dela jairik egin eta hortik dator omendu gura izatea. Maritxuren berbak jasota hala adierazi dute: "Herrixa ezta herri jai barik, eta jaixak eztie jai gaitero barik. Horregatik maite ditxut hainbeste urtetan gure herriko jaixei doinua emun dotzen talde hau".

Herritarrak inbutuaren emate-ekitaldira gonbidatu dituzte irailaren 25ean, egubakoitzean, 18:30ean, Maritxupean. Bukaeran, gazta eta ardoa eskainiko diete elkartutako guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak