Arte martzialak ikasteko aukera izango dute gaztetxoek, Aretxabaletan

Claudia Crespo Revilla

Gazteei zuzendutako arte martzialen gaineko ikastaroa antolatu dute aurten Aretxabaletan; astero bi egunez ordu beteko saioak egingo dituzte. Izena emateko epea zabalik dago irailaren 27a arte.

Arte martzialen ikastaroa urrian jarriko dute abian, eta izena emateko epea zabalik dago, hemen klik eginez; azken eguna irailaren 27a, domeka da.

Eskolak bideratu dizkiete LHko 3. mailatik DBHko 4. mailara bitarteko ikasleei. Kurtzebarri eskolako aretoan elkartuko dira astean bi egunetan, ordubetez: asteartetan eta ostegunetan, 17:00etatik 18:00etara. Prezioa da 45 euro hilabetero. Gazteek eskularruak eta zango-babesak eraman beharko dituzte ariketak egin ahal izateko.

Balioak lantzen

Antolatzaileek zera azaldu dute: "Kirol honen bidez, gure ikasleek diziplina, errespetua, autokontrola eta norberaganako konfiantza eta lankidetza eta enpatia landuko dituzte besteak beste, giro seguru eta osasuntsu batean." Horrez gain, koordinazioa, oreka, mugikortasuna, erresistentzia eta egoera fisikoa hobetzen laguntzen dutela arte martzialek gaineratu dute: "Defentsa pertsonalari dagokionez, haurrek batez ere ikasten dute gatazkak prebenitzen eta saihesten, arrisku-egoerak ezagutzen, laguntza eskatzen eta, beharrezkoa denean, beren burua babesten".

Adierazi dute helburua ez dela haurrei borroka egiten irakastea: "Baizik eta irakastea benetako indarra besteak
errespetatzean, haien emozioak kontrolatzean, indarkeria saihestean eta arrisku-egoera baten aurrean arduraz mehatxuei aurre egiten jakitean datzala".

Ikastaroaren gaineko edozein zalantza izanez gero honako helbidera idatz daiteke: artemartzialak8@gmail.com 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak