26 artisauk eta 13 ekoizlek produktuz beteko dituzte Durana eta Mitarte kaleak

Koldo Zubia Salas

Hainbat ekoizle eta herritar, iazko artisautzaren eta nekazaritzaren azokan.

Iazko egitura bera izango du irailaren 26an ospatuko den sanmigeletako azokak. Postu kopuruak, ordea, nabarmen egin du behera; izan ere, 39 postu egongo dira guztira, joan den urtean baino hamahiru gutxiago, zehazki.

Hiru hamarkada baino gehiagoz antolatu ostean, Aretxabaletako San Migel jaietako ikurretako bat da zapatuko azoka. Duela hamaika urte, gainera, artisau eta nekazari azokari ganadu azoka ere gehitu zitzaion, urteroko hitzorduari beste indar bat emateko. Ordutik, aldaketak izan diren arren, antzeko egitura mantendu du, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Azoka, nagusiki, Durana eta Mitarte kaleetan egongo da, eta, Udalak azaldu duenez, talo txosnarena da aldaketa bakarra, aurten Herriko Plazan jarriko dute eta. Horrela, herritarrek goiz osoan izango dute azokaz eta jai giroaz gozatzeko aukera, eta tokiko produktuak eta artisauen lana gertutik ezagutu ahal izango dituzte.

Postu gutxiago egongo dira

Azokaren muinean aldaketa gutxi izango badira ere, deigarria da postuen kopuruan izango den beherakada. Guztira, 26 artisauk eta 13 ekoizlek hartuko dute parte; 39 postu, guztiak batuz gero. Iaz, aldiz, 52 postu izan ziren. Beherakada nabarmena izango bada ere, ez dira betiko produktuak faltako: bitxigintza, arropak, oihalgintza, egurrezko tresnak, kosmetika eta xaboiak, panpinak, poltsak eta bestelako osagarriak, ilustrazioak eta bordatuak, esate baterako, egongo dira artisauen postuetan. Ekoizleen kasuan, berriz, azpimarratzekoa da sei ekoizlek ekologikoan egiten dutela lan; barazkiak, fruituak, landareak, gozogintza produktuak eta bestelako jakiak eskuratu ahalko dira postu horietan. Horiez gain, Kurtzebarri eskolako eta Almen ikastolako kideek ere postua jarriko dute, eta Iker Gabilondok forja ikuskizuna emango du. Eskaintza aurreko urteetan baino txikiagoa izango bada ere, askotariko produktuak aurkitu ahalko dira azokan, eta bertako ekoizleei eta artisau-lanei ikusgarritasuna emateko balioko du hitzorduak.

Ganadua, jan-edana eta musika

Azokaren kasuan bezala, ganadu ferian ere aldaketa gutxi espero dira. Aurrez Arlutzen kokatuta egon badira ere, bertan egiten ari diren lanen ondorioz Durana kalearen hasiera lekualdatu zituzten animaliak. Aurten ere iazko leku berean izango dira abereak, eta ikusi ahalko direnak honako hauek izango dira: ardi latxak eta sasi-ardiak, pottokak, behi piriniotarrak eta terreñak, eta ahuntz azpigorriak.

Behi piriniotarrak, iaz; aurten ere ez dute hutsik egingo, eta, horiez gain, terreña behiak ere ikusi ahalko dira. 

Bestalde, azoka behar bezala girotzeko beharrezkoak diren elementuek ere ez dute hutsik egingo. Aretxabaletako txistularien dianak emango dio hasiera San Migel jaietako artisautza, nekazaritza eta bertako ganaduaren feriari, 10:00etan. Goizean zehar, berriz, Leizarra Musika eta Dantza Eskolako trikitilariak kalez kale ibiliko dira, 11:30ean hasita. Iturengo joaldunek gauza bera egingo dute, 12:30ean. Eta txalapartariek ere euren tartea izango dute, 12:45ean Durana kalean joko dute eta.

Jan-edanari dagokionez, esan bezala, Herriko Plazan Loramendi elkarteak jarriko duen talo txosna egongo da; 11:00etan hasita, taloak salduko dituzte, eguerdira arte. Azoka amaitu ostean, elkartasun bazkaria egingo dute, Iturrigorri frontoian. Azkenik, dibertitzeko aukera ere egongo da goizean zehar, haurrentzako eta gazteentzako bola-txapelketa izango baita, bolatokian.

Baserritar janzteko deia

Aretxabaletako Udalak "herritar guztiak" gonbidatu ditu San Migel jaietako ospakizunetan parte hatzera. Hala ere, badira zapaturako propio egindako eskakizunak: "Herritarrak animatu daitezela etxeetako balkoietan ikurrina jartzera eta baserritar jantzita kalera ateratzera, tradizioari eutsi eta jaiei kolore berezia emateko".

Iturendik aretxabaletara datoz

Hirugarrenez etorriko dira Iturengo joaldunak (Nafarroa) Aretxabaletara. Guztira, hamar joaldun izango dira, eta, 12:30ean hasita, ordubete eta erdi inguru ariko dira kalez kale. Imanol Bazterrika da joaldunetako bat, eta, azaldu duenez, zortzi kilo inguru eramaten dituzte soinean. "Joareak estutzea da gakoa, gerrian ondo estutu behar dira, ongi jo ahal izateko. Ondo estutu ezean, joariak behera jausten dira eta ez da soinu bera irteten", azaldu du Bazterrikak. Joaldunak eramaten duen zama guztia behar bezala eta beste joaldunen erritmo berean eramatea dirudiena baino zailagoa da. Aretxabaletan ikusgai egongo dena urte askoan mantendu den ohitura da. Hark azaldu duenez, "gustura" egiten dute, eta "pozik" etortzen dira sanmigeletara.

Iturengo joaldunak hirugarrenez etorriko dira Aretxabaletara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak