Eskoriatza eta Aretxabaletako ikastetxeek pedagogia feministen programa abiatuko dute

Oier Zumarraga Aranburu

2026-2027 ikasturtean garatuko dute egitasmoa bi herrietako ikastetxeetan haur eta nerabeen tratu onak, heziketa sexuala eta indarkeria matxistaren prebentzioa lantzeko

Eskoriatza eta Aretxabaletako ikastetxeek pedagogia feministen programa berri bat izango dute 2026-2027 ikasturtean. Haurtzarotik nerabezarora arteko prozesua izango da, eta bi ardatz nagusiren bueltan egingo dute lanketa: batetik, tratu onak eta heziketa sexuala, eta, bestetik, indarkeria matxistaren prebentzioa eta lanketa.

Ikasleak izango dira programaren hartzaile nagusiak, eta haiei zuzendutako tailerrak egingo dituzte. Hala ere, egitasmoak hezkuntza komunitate osoan eragitea du helburu; horregatik, irakasleei eta gurasoei ere aurkeztuko diete ikasleekin landutakoa, eta ikastetxeek aholkularitza jasoko dute gaia zeharka lantzeko.

Lau ikastetxetan

Programa Aretxabaleta eta Eskoriatzako lau ikastetxetan garatuko dute: Arizmendiko Almen Gunean –Lehen Hezkuntzatik Batxilergora–, Kurtzebarrin –Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan–, Eskoriatzako Luis Ezeiza herri eskolan eta Aretxabaletako Lanbide Eskolan.

Tratu onetatik indarkeria matxistaren prebentziora

Programaren lehen ardatzean, tratu onak eta heziketa sexuala landuko dituzte. Besteak beste, ikasleen pentsamendu kritikoa garatzea izango dute helburu, iruditegi, balio, estereotipo, jarrera eta jokabide matxistak identifikatu eta eraldatzeko. Era berean, zaintzaren etika sustatuko dute, norberaren, ingurukoen eta naturaren zaintza kontuan hartuta. Harreman afektiboei eta sexualitateari dagokienez, berdintasunean, aniztasunean, erantzukidetasunean, plazerean, desioan, askatasunean eta errespetuan oinarritutako ikuspegia landuko dute.

Bigarren ardatzak, berriz, indarkeria matxistaren prebentzioa eta lanketa izango ditu oinarri. Ikasleei indarkeria matxistako eta diskriminazioko egoerak identifikatzeko tresnak eskaintzea eta egoera horiei aurre egiteko estrategiak garatzea izango dira helburuetako batzuk.

Ahalduntzea, maskulinitateak eta aniztasuna

Nesken ahalduntzea eta autodefentsa feminista ere landuko dituzte, baita gizontasuna, maskulinitatea eta pribilegioen gaineko autokritika ere.

Hezkuntza sexualak eta afektiboak ere izango dute lekua, harremanak, afektuak eta maitasuna hizpide hartuta. Era berean, LGTBIAQ+ pertsonen errealitateak eta bestelako identitateak ikusarazi eta LGTBIfobiaren inguruko lanketa egingo dute.

Tokiko planaren barruan

Egitasmoa Aretxabaleta eta Eskoriatzako udalek martxoan martxan jarritako "2026-2029 aldirako Ongizate Emozionalaren Sustapena eta Adikzioen Prebentziorako Tokiko Planaren" barruan kokatzen da. Lau urteko plan horren helburua haur, nerabe eta gazteen ongizate emozionala indartzea eta adikzioen prebentzioan urratsak egitea da, ikuspegi komunitariotik abiatuta. Xelebreak Aniztasuna enpresak eskainiko du zerbitzua, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza izango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak