Badirudi geratzeko etorri direla Aretxabaletako zigiludun arin-arin, fandango, rantxera, bals, zortziko eta dantza jauziak. Aurtengo Korrika herritik pasa zen egunean, martxoaren 27an, egin zuten lehen agerraldia herriko hainbat musikari gaztek, jendea euskal dantzen erritmora jartzeko helburu argiarekin.
Talde irekia
Trikiti eta pandero doinuei bateria, baxu, gitarra, txistu, txirula txiki eta flauta soinuek laguntzen diete hausnarketa batetik sortutako proposamen herrikoian. "Gazte talde bat elkartu, eta bat etorri ginen badagoela gaur egun euskal dantzekiko herri gogoa. Beinke Loramendi dantza entseguen harrera edota kuartelean sortu den dantza taldea dira horren adibide. Hortaz, gure aletxoa jartzea erabaki, eta galdetegi bat zabaldu genuen, taldekide izateko interesa eduki zezaketen musikariengana iristeko", azaldu du Ixak Sarasuak.
Hamabost bat laguneko "musikari-poltsa" eratu dute, antolatzen diren saioetara txandaka joan ahal izateko, bakoitzaren aukeren arabera. Ateek zabalik jarraitzen dutela gehitu du Sarasuak, "esaterako, klarinetea edo saxofoia jo nahi duenarentzat". Aurrera begirako asmoa, jai-egitarauetan parte hartzen jarraitzeaz gain, emanaldiak egitarau berezirik ez dagoenean egitea da, jendea erromeriara propio joan dadin: "Dantzaldiak urtaroka eta ostiral arratsaldeetan egin nahi ditugu, Leintz bailara inguruan; batean Aretxabaletan, bestean Eskoriatzan, eta horrela".
Udazkenekoak sanmigelen jai-egitarauarekin egingo du bat. Datorren ostiralean, hilak 25, Udalak Mitarte kalean egokituko duen oholtzara igoko dira, 19:30ean, herritarrek besoak, hankak eta gerriak lotsarik gabe mugitu ditzaten. "Dantzaren inguruan erromeria giroko komunitate bat sortzeko batu ditugu indarrak eta momentuz erronka betetzen gabiltzala esango genuke. Korrika Egunean, inguruko herrietatik ere etorri zen jendea, eta azken aldiz jo genuenean, andramaixetan, txosnetan gazte mordoa animatu ziren dantzara", esan du Sarasuak.
Dantzaldi gidatuak
Dena den, Erromerixia Atxabaltan taldeko partaideek adin guztietako publikoa erakarri gura dute, "hori baita erromerien berezitasunetako bat". Ildo beretik, Sarasuak dio belaunaldi zaharragoek ere "gustura" hartu dutela egitasmoa.
Edonoren parte hartzea errazteko, mikrofono batekin dinamizatzen dituzte dantzak: "Azalpentxo batzuk ematen ditugu pieza bakoitza jo aurretik. Dantzak ahalik eta modu sinple eta errazenean interpretatzeko aholkuak izaten dira. Hartara, sekula dantza egin ez duena ere ekarri nahi dugu plazara".