Garazi Abasolok (1996, Aretxabaleta) bigarrenez irabazi zuen, zapatuan, Ikazkin Trail mendi lasterketa. Irene Iturriak erritmo bizia jarri zuen lehen kilometroetan, baina Abasolo gero eta gehiago gerturatu zitzaion eta Kurtzebarriko igoeraren azken zatian hartu zion aurrea. Handik helmugara hura izan zen azkarrena, eta ia lau minutuko aldea atera zion Iturriari. Areantzarra izanda, hitzordu berezia da harentzat, ibilbidea jaietan dagoen auzotik igarotzen baita. Pozik dago egindakoarekin.
Bigarrenez irabazi duzu Ikazkin Trail. Egun batzuk igarota, zer balorazio egiten duzu lasterketaz?
Oso pozik nago, etxeko lasterketa irabaztea beti baita berezia. Egun batzuk pasatu dira, baina oraindik giharretako minekin nabil; kar-kar.
Irene Iturriak oso indartsu hasi zuen lasterketa. Espero zenuen halako hasiera?
Ez; egia esan, harritu egin ninduen. Ez dut lasterketa askotan harekin topo egin, eta Areantzaraino ni baino dezente azkarrago joan zen. Ni nire onean nindoan, ahalik eta azkarren, baina Irene azkarregi zihoan. Ez nuen espero hasieran halako erritmoa jartzea.
Noiz hasi zinen ikusten harrapatzeko aukera izan zenezakeela?
Areantzan gora aldapa handiak daude eta tarte batzuetan oinez ere egin behar da. Orduan hasi nintzen pixkanaka gerturatzen. Hasieran, urrutiago ikusten nuen, baina igoeran gero eta gertuago neukan. Kurtzebarriko igoeraren azken txanpan, harrapatu eta aurreratu egin nuen. Ikusi nuen igoeran indarra neukala eta nire erritmoari eusteko gai nintzela.
Behin aurrea hartuta, jakin zenuen zenbateko aldea zenuen?
Ez. Hasieran, atzera begiratu nuen pare bat aldiz, baina gero, Irene bistatik galdu nuen eta ez nekien zenbatera zetorren. Handik aurrera, erreferentziarik gabe egin nuen lasterketa.
Ibilbidea hain ondo ezagutzeak laguntzen du halako egoera batean?
Bai, asko. Badakit zer datorren une bakoitzean, non dagoen aldapa bat, noiz datorren jaitsiera edo nolakoa den hurrengo zatia. Entrenatzen ere askotan ibiltzen naiz inguru hartan.
Helmugan ia lau minutuko aldea atera zenion Iturriari. Espero zenuen horrenbesteko tartea?
Ia lau minutuko tartea ateratzea pozgarria da, baina niretzat are pozgarriagoa izan da nire denbora hobetzea. Duela bi urte irabazi nuenean baino lau minutu inguru azkarrago egin dut aurten. Azkenean, besteen emaitzetatik harago, norberaren marka hobetzeak erakusten dizu lasterketa ona egin duzula.
Areantzarra zara, eta lasterketa zure auzotik igarotzen da. Zer dauka berezitik Ikazkin Trailek zuretzat?
Etxeko lasterketa da. Areantzako jaiak ere asteburu berean izaten dira urtero, eta ni jaiak antolatzen ibiltzen naiz. Egubakoitzean afaria izan genuen, Ikazkin Trailerako pankarta prestatu genuen... Eta hurrengo egunean lasterketa auzotik pasatzen da: musikarekin, familiakoak, lagunak animatzen... Dena batzen da.

Uda osteko lehen lasterketa izaten da. Nola prestatu duzu?
Udan nire kasuan ez dut entrenamendu espezifikorik egiten. Mendian ibiltzen naiz, baina trail lasterketak prestatzeko entrenamendu zehatzik egin gabe. Hala ere, udan zerbait egin behar da gero Ikazkin Trailen askorik ez sufritzeko.
Eta nola ospatu zenuen garaipena?
Areantzako jaietan. Familia-bazkari goxo bat egin genuen, eta arratsaldean auzoko jolasetan ere parte hartu nuen. Etxekoekin eta auzokoekin ospatzea izan zen ospakizun onena.
Ikazkin Trailen ostean, zein izango dira hurrengo erronkak?
Asteburu honetan Beriaingo Bertikala egingo dut. Hurrengo asteburuan, berriz, euskal selekzioarekin Suitzara joango naiz kilometro bertikal bat egitera, eta, azkenik Anbotoko Bertikalean izango naiz.