Aretxabaletako EAJk batzokiko ikurrinaren eta mastaren lapurreta salatu du

Oier Zumarraga Aranburu

"Normalizatu behar ez den gertaera tamalgarria" dela adierazi dute ohar bidez.

Aretxabaletako EAJ-PNVk jakinarazi du joan den asteburuan batzokiaren kanpoaldean zeuden ikurrina eta masta lapurtu zituztela. Jeltzaleek gertatutakoa salatu, eta euskal ikurrekiko errespetua eskatu dute. EAJren esanetan, ikurrina mastarekin batera lapurtzea "normalizatu behar ez den gertaera tamalgarria" da. Alderdiak ikurrinak euskal herri nortasunaren ikur gisa duen balioa nabarmendu du, eta luzaroan debekatuta egon zela gogorarazi. Horregatik, asteburuan gertatutakoa ez dela lapurreta hutsa dio talde jeltzaleak, eta euskal nortasunaren eta sinbologia nazionalaren aurkako "mespretxutzat" jo du. 

Errespetua eta bizikidetza

Aretxabaletako EAJ-PNVk adierazi du kezkatuta dagoela, haren ustez, euskal ikur nazionalekiko dagoen "gero eta hutsalkeria handiagoarekin". Taldeak bere oharrean azaldu du ikurrina partekatutako ikurra dela, eta, desberdintasun politikoak gorabehera, halako sinboloekiko errespetua mantentzearen alde egiten dutela. Horren harira, alderdi jeltzaleak lapurreta gaitzetsi du, eta, era berean, errespetuan oinarritutako bizikidetza babesteko beharra aldarrikatu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak