Mikel Cubillo aretxabaletarrak errealizadore lanak egin ditu Pedro Arrupe. Yo viví la bomba atómica dokumentalean, eta lana Donostiako 74. Zinemaldiko Zinemira sailerako hautatu dute. Maite Ibañezek zuzendutako filma irailaren 23an estreinatuko dute, eta urteko euskal ekoizpen onenaren Irizar Saria eskuratzeko lehian izango da. Greenpeacek sustatutako Lurra Sarirako ere izendatu dute. Cubillok pozik hartu du hautaketa, Zinemira euskal zinemagintzako erreferentetzat baitu. "Jendeak ez du ezagutzen ikus-entzunezkoen atzean dagoen lana, eta halako toki batean egotea aitortza bat da", azaldu du. Errealizadore gisa, zuzendariak buruan duen ideia pantailara eramatea izan da haren egitekoa: irudia eta soinua lantzea, kamerak aukeratzea eta muntaia, musika zein erritmoa zehazten laguntzea.
Estreinaldiaren zain
Dokumentalak Pedro Arrupe jesuitak 1945eko bonba atomikoaren ostean Hiroshiman egindako lana du ardatz. Duela urtebete pasatxo hasi ziren proiektua lantzen, eta Japonian, Erroman eta Euskal Herrian egin dituzte grabaketak. Cubillok dio Japonian eta Erroman aritzeak ilusio berezia egin ziola, nahiz eta behin lanean hasita lana bera ez den "askorik aldatzen". Orain, irailaren 23ko estreinaldiari begira daude. "Pantaila handian gauza onak eta txarrak errazago ikusten dira", dio. Horregatik, irudia eta soinua zinema-aretoan nola jasoko diren ikusteko urduritasun puntu bat baduela aitortu du Cubillok.