Aretxabaletako ikasleek kaleak euskaraz beteko dituzte urriaren 23an

Oier Zumarraga Aranburu

Herriko gazteak, plazan.

Herriko 2 eta 18 urte arteko ikasleak elkartuko ditu Beinke-Hezkuntza lantaldeak.

Aretxabaletako haur eta gazteek herriko kaleak eta guneak hartuko dituzte urriaren 23an, euskararen bueltan antolatutako jardunaldian. Beinke-Hezkuntza ekimenak sustatutako hitzorduak herriko ikastetxe guztietako 2 eta 18 urte bitarteko ikasleak elkartuko ditu arratsaldean. Euskararen erabilera sustatzearekin batera, herriko kultur ondarea, ohiturak eta belaunaldien arteko transmisioa izango dituzte ardatz. Beinke-Hezkuntzak ekainean egin zuen aurkezpen publikoa, eta urriaren 23koa izango du ikasturte honetako lehen ekimen nagusia. Antolatzaileek oraindik ez dute egitarau osoaren berri eman, baina aurreratu dute Aretxabaletako hainbat gunetan egingo dituztela askotariko jarduerak, arratsalde osoan.

Ikastetxe guztiak

Aretxabaletako hezkuntza komunitate osoa elkartzea da egitasmoaren ezaugarri nagusietako bat. Arizmendi Ikastolako Basabeazpi zein Almen guneetako ikasleek eta Kurtzebarrikoek hartuko dute parte. Hala, 2 urtetik hasi eta 18 urtera arteko haur eta gazteak batuko ditu jardunaldiak. Adin eta ikastetxe askotariko ikasleak egun berean euskararen inguruan elkartuta, herrian hizkuntzaren erabilera indartu eta hezkuntza komunitatearen arteko loturak sendotu nahi ditu Beinke-Hezkuntzak. Horretarako, ikastetxeetako ohiko espazioetatik atera eta jarduerak herriko hainbat txoko eta gunetara eramango dituzte. Euskara kalera atera eta denen artean erabiltzea espero dute antolatzaileek.

Herriko hainbat gunetan

Urriaren 23ko arratsaldean egingo dute egitasmoa, eta Aretxabaletako hainbat txoko eta espazio publiko erabiliko dituzte. Beinke-Hezkuntzako arduradunek datozen asteetan emango dituzte jardueren, ordutegien eta kokalekuen inguruko xehetasunak. Oraingoz, ikasleei zein familiei eguna gordetzeko dei egin die antolakuntzak. Jardunaldia Beinke-Hezkuntzak antolatu du. Taldea Aretxabaletako euskararen mahaiaren, Beinkeren, barruan dago. Mahaia Udalak, Loramendi Euskara Elkarteak eta herriko boluntarioek osatzen dute, eta euskararen inguruan adostutako erronkak koordinatzea du helburu. Urrikoa izango da ikasturte honetan herriko hezkuntza komunitatearekin egingo duten lehen urrats nagusietako bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak