Aizkolariek eta harri-jasotzaileek hartuko dute Aretxabaletako plaza

Eki Letona Erretolatza

Iazko herri kirolen probak, Aretxabaletako plazan. Argazkia: Goiena.

Datorren domekan, 13:00etan hasita, aizkolariek eta harri-jasotzaileek erakustaldia egingo dute Herriko Plazan, San Migel jaietako egitarauaren barruan.

Alde batetik, Aratz eta Ugaitz Mugerza aizkolariak arituko dira elkarren aurka; hainbat proba eta lan egingo dituzte. Bestetik, Jon Unanue Goenatxo eta Udane eta Elene Ostolaza harri-jasotzaileek hainbat harrirekin egingo dute erakustaldia. Probak tartekatu egingo dituzte; horrenbestez, ikusleek aizkolarien zein harri-jasotzaileen lana ikusteko aukera izango dute.

Aratz Mugerza aizkolari mutrikuarrak ondo ezagutzen du Aretxabaletako plaza. Urte batzuk dira San Migel jaietan herrian izaten dela, eta gustura etortzen dela azaldu du. "Aretxabaletara sanmigeletan urte askoan joan gara, eta gustura joaten gara. Jende asko batzen da, eta guretzako polita da", adierazi du.

Haren esanetan, jaietako giroak ere eragina izaten du plazan: "Gu gure onena ematen saiatzen gara, eta, horretarako, jaietako giroak ere laguntzen du". Izan ere, herritarren animoak eskertzen dituztela dio, eta Aretxabaletan jendea bereziki "animatuta" egoten dela nabarmendu du. Mugerzaren arabera, aurten ere aizkorako hainbat proba egingo dituzte, harri-jasotzaileen erakustaldiarekin tartekatuta. Horrela, ikuskizunean zehar bi modalitateak uztartuko dituzte eta ikusleek denetarik ikusteko aukera izango dute ".

Aizkolariarentzat, gainera, garrantzitsua da Euskal Herriaren parte diren herri kirolen eta plazako tradizioaren transmisioari eustea. "Urte askoan ezagutu den tradizio bat da, eta nik uste dut horrelako tradizioak mantendu egin behar direla jaietan. Lanetik datorren kirola da, eta mantendu beharrekoa", azaldu du. Haren ustez, herritarrek, ume zein heldu, gustura ikusten dituzte aizkolariak eta harri-jasotzaileak plazan.

San Migel jaietako giroak herri kirolen erakustaldia kalera ateratzeko aukera ematen duela ere azpimarratu du: "Txikiekin edo lagunekin pote bat hartu, eta herri kirolak ikustera animatzen da jendea". Horregatik, irailaren 27an, zapatua, 13:00etan, hitzordua izango dute herritarrek Herriko plazan, aizkolarien eta harri-jasotzaileen erakustaldiarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak