Asteleheneko entseguaren aurretik parte-hartzaile kopurua zehaztu behar dute. Irailaren 9an egin zuten hasiberrientzako lehen entsegua, eta 15-20 lagun inguruk parte hartu zuten. "Hasierako pausoak zehazteko eta erakusten hasteko baliatu genuen saioa", azaldu du Uxue Uribetxebarriak, Troxka-Loramendi elkarteko kideak. Hurrengo entseguetan, jendea batu ahala, mugimenduak zehazten joan dira.
Beinke-Loramendi dantza
Irailaren 26an, 19:00etan, Marimerketik abiatuko dira kalejiran, Herriko Plazaraino. Han egingo dute Beinke-Loramendi dantza, eta, ondoren, larrain dantza izango da; azken horretan edonork parte hartu ahal izango du. Uribetxebarriak "ohitura polita" dela nabarmendu du: "Azken urteotan Beinke-Loramendi berreskuratzeak herrian motibazio puntu bat eman du". Eguraldi onarekin plaza "goiraino" betetzen dela esan du, dantzariz zein ikuslez. "Momentu polita izaten da plaza beteta ikustea".