Partida berezia izan da Ibarran bizitakoa aretxabaletarrentzat; izan ere, martxoan eski-istripua izan zuen Jokin Larrinaga herritarrari harrera beroa egin diote futbol zelaian. Une bereziak bizi izan dituzte taldekideek zein harmailetan zeuden herritarrek partidaren atarian.
Futbol kontuetara itzulita, ezer gutxi gertatu da UDAren eta Beasainen artekoan. Kategoriako oilarretako baten bisita jaso dute Jose Javier Barkerorenek, eta partidako momentu gehienetan erasokor ibili direnak beasaindarrak izan badira ere, etxekoek lortu dute defentsan tinko ibili eta atea hutsean mantentzea. Lehenengo zatian ez du larregi sufritu UDAk defentsa arloan, nahiz eta kanpokoek jaurtiketa bat edo beste egiteko aukera izan duten, eta erasoko aukera gutxi batzuk sortzeko gai izan badira, kontraerasoaren bitartez izan da.
Bigarren zatian, gauzak antzera: Beasainek izan du baloiaren jabetza ia une oro, eta defentsaren bizkarrera min egiten saiatu dira aretxabaletarrak baloia izan duten momentu apurretan. Hala ere, baloiaren jabetza izan gabe, partidako aukera garbiena etxekoek izan dute azkenengo minutuetan: beasaindarrek atezainari egindako pase bat presionatzera joan da Ander Pacheco, eta atezainak urrundu duen baloiak UDAko jokalariaren bizkarrean eman eta aterako bidea hartu du. Baloiak, baina, atean sartu aurretik botea egin du eta langa gainetik joan da.
Huts eta hutsekoarekin, jokatutako sei puntuetatik lau batu ditu UDAk. Hurrengo jardunaldian Durangoren aurka jokatuko dute Barkeroren mutilek.