Mendian korrika egiteko giro apartarekin iritsi dira Ikazkin Traileko 345 parte hartzaileak Duranako irteera-puntura. Kurtzebarrira iristeko 7 kilometro eta 900 metroko desnibel positiboa zeukaten aurretik. Tontorrean, Degurixarantz joan dira 23 kilometroko distantziako partaideak, eta Mendiolarantz 15 kilometroko kategoriakoak.
Maldan gora, lasterketa laburrean errekor guztiak hautsi dituen Aitor Ugarte aramaioarrak atera die bizkarra beste denei. Distantzia luzean lehiatzen zebilen Iñigo Alzola gertutik izan du, eta, haren atzetik, Iker Arriolabengoa eta Aimar Larrea moduko aurkariak.
Emakumezkotan, aretxabaletarrak onenak
Emakumezkoetan emozio handiagoa izan da igoeran. Bigarren geratu den Irene Iturria bidaniarra Garazi Abasoloren aurretik joan da Kurtzebarrira bidean. Baina segundo gutxi ateratzen zizkion eta jaitsieran aurreratu egin du aretxabaletarrak. Hala, Abasolok (2:21:07) ia lau minutu atera dizkio helmugan. Podiuma Olatz Salaberria azpeitiarrak osatu du.
Lasterketa laburrean, beste aretxabaletar bat gailendu da: Edurne Monasterio. 1:43:04an gelditu du erlojua, eta bigarrenari, Ane Olabe arrasatearrari, 9 minutu atera dizkio. 11 minutura iritsi da etxean jokatu duen Alaitz Beltran de Heredia.
Alzola eta Ugarte, nor berean nagusi
Nabarmena izan da baita ere Aitor Ugarteren nagusitasuna. 15 kilometroak 1:13:38an burutu ditu, aurreko bi urteetako markak lau minutu eta erdian hobetuta. Kategoria honetan ere beste arrasatear bat geratu da zilarrezko postuan: Jokin Amozarrain. 08:04 minutura iritsi da, eta Siro Etxebarria aretxabaletarra, berriz, 09:33ra.
Gizonezkoen lasterketa luzera itzulita, jaun eta jabe izan da gaurkoan Iñigo Alzola arrasatearra. Hasieratik markatu du erritmoa eta bukaerarako ia 3 minutu atera dizkio Iker Agirregabiriari. Hirugarren beste debagoiendar bat geratu da, Aimar Larrea antzuolarra, 04:33ra iritsita.
Beste saridun bat ere izan du lasterketak, jai betean dauden arientzarrek banatzen duten otarra Alain Etxebarriak eraman baitu. Bere meritua 94. postuan geratzea izan da; horiek izan ziren, hain justu, atzoko auzo afarira bertaratu zirenak.
Pozik parte hartzearekin
Antolatzaileek nabarmendu dute 345 korrikalarietatik 64 izan direla emakumezkoak. Aretxabaletarren presentzia ere ez da gutxiagorako izan: 123 lagun animatu dira etxeko lurretan korrika egitera. Azpimarra jartzeko beste datu bat Debagoieneko herrietatik etorri den partaide kopuruarena: lautik hiru, 261 denera. Ibilbide luzean 220k eman dute izena, eta motzean 125ek. Parte hartzaile beteranoena 64 urtekoa izan da.