Trafiko aldaketak "behin-behinekoak" direla argitu du Aretxabaletako Udalak

Oier Zumarraga Aranburu

Datozen asteetan trafiko datuak bilduko dituzte aldaketen eragina aztertzeko

Aretxabaletako Udalak argitu du Araba ibilbidean eta Belorrieta inguruan azkenaldian egindako trafiko aldaketak "behin-behinekoak" direla. Udalak jakinarazi duenez, Mugikortasun Planaren barruan egin dituzte jarduketak, eta oinezkoen, txirrindularien eta ibilgailuen segurtasuna hobetzea dute helburu. Neurrien eragina datozen asteetan aztertuko dute, trafiko datuak bilduta, eta horien arabera hartuko dituzte erabakiak.

Udalak azaldu duenez, neurriak behin-behinean ezarri izanak planteatutako helburuak  datu errealekin neurtzeko aukera ematen die. Emaitzak publiko egingo dituztela gaineratu dute, herritarrek egindako ekarpenak kontuan hartuta.

Lau puntutan esku hartu dute

Jarduketak farmaziaren bidegurutzean, Basabeazpi ikastolaren inguruan, Araba ibilbidean eta Pausokaren parean egin dituzte. Udalaren esanetan, Mugikortasun Planaren diagnostikoan lau eremu horietan ibilgailuen abiadurarekin eta trafiko kopuruarekin lotutako arazoak identifikatu zituzten.

Bildutako datuen arabera, farmaziaren bidegurutzetik egunean 3.000 ibilgailu inguru igarotzen ziren, eta Basabeazpi ingurutik, 2.400. Araba ibilbidean ibilgailuen %80k 30 kilometro orduko abiadura gainditzen zuten; Pausokaren parean, berriz, %40k.

Neurriekin Araba ibilbidean abiadura murriztu eta oinezkoen segurtasuna handitu nahi dute: farmaziaren bidegurutzean, trafikoa gutxitu; Belorrietan, Pausokaren inguruko abiadura jaitsi, eta, Basabeazpin, oinezkoen zein txirrindularien joan-etorriak seguruago egin. 

Partaidetza prozesutik abiatuta

Udalak neurriak Mugikortasun Plana egiteko partaidetza prozesuarekin lotu ditu. Prozesuan udal talde politikoek, merkatariek eta herriko beste hainbat kolektibok parte hartu zuten. Ondoren, proposamenak herritarrekin kontrastatzeko egindako inkesta digitalean 250 lagunek parte hartu zuten.

Aparkalekuei dagokienez, Udalak adierazi du inguruan dagoen plaza kopuruari eustea izan dela irizpidea. Aldaketen ondorioz kendutako aparkaleku batzuk konpentsatzeko plaza berriak egokitu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak